Gizonezkoen Hirugarren Maila Nazionaleko Eskoriatza areto futbol taldea ari da denboraldiaurrea prestatzen. Denboraldira begira, Federazioak bi multzotan banatu ditu taldeak, eta Eskoriatza B multzoan arituko da, postu onena bilatzeko bidean, bederatzi talderen arteko lehian.
Helburu nagusia urteroko berbera izango da; hau da, sailkapenean ahalik eta postu gorenena lortzea. Iaz, play-off-era iritsita, gustura geratu ziren, eta bide bera egin nahi dute aurten.
Lagunartekoak, entrenatzeko
Ondo prestatuta hasteko, abuztuan hasi zituzten entrenamendu saioak, baina ez dira horretara soilik mugatu. Lagunartekoak ere jokatu dituzte, eta oraindik ere jokatzeko asmoz daude. Esaterako, joan den astean jokatu zuten azken partiduan, Labastidaren aurkakoan, 5-2 irabazi zuten, eta atzo ere jokatzekoak ziren, Elorrioko taldearen aurka, etxetik kanpora.
Entrenatzaile berriak
Lehenengo taldean iazko entrenatzaile berek jarraituko dute; hau da, Mikel Alkaide eta Adrian Garnateo entrenatzaileek, baina gainontzeko mailetan aldaketak izango dira.
Eskoriatza areto futbol taldeko gazteen mailan, iaz, Ander Romero zen entrenatzailea, eta aurten, lehen taldeko jokalariak diren Ion Ugarte arituko da taldea zuzentzen, Jokin Vazquez-ekin batera. Bigarren taldean, berriz, Oier Ganboak jarraituko du entrenatzaile gisa, eta Andoni Arriaran eta Jonathan Valor hari laguntzeko batuko dira.