'San Pedro txiki' gosez, ilusioz festetarako

Imanol Beloki Unamuno 2022ko ira. 4a, 09:40

2019an, San Pedro eta Intxaurtxueta auzoetako jaiak ospatu zituztenean, herri bazkaria Partxis plazan.

San Pedro eta Intxaurtxuetako Jai Batzordearen esanetan, bi auzoetako herritarrak jaietarako gogoz daude, eta programa antolatzeko egindako aurrelanketak fruituak emango dituelakoan daude. Jaiak irailaren 9tik 11ra arteko asteburuan ospatuko dira.

San Pedro txiki jaiak berreskuratu eta errotzeko asmoz, berriro antolatu zituzten San Pedro eta Intxaurtxueta auzoetako herritarrek 2019an. Orduan izandako harrera sekulakoa izan zen, eta pandemiaren ondorioz jaien ordez asteburu kulturala ere antolatu zuten arren, zenbait ekintza antolatuz, bi auzoetako bizilagunak behar bezala ospatzeko gogoz daude, eta, beraz, San Pedro eta Intxaurtxuetako Jai Batzordeko kideek hiru eguneko programa proposatu dute irailaren 9rako, 10erako eta 11rako. Gainera, zapi berriak eta poloak atera dituzte eta hamabost eurotan salgai jarri, bi auzoetako tabernetan eskatu daitezkeenak. Hala, jaiegunetan arituko diren herritarrek horiek janzteko eta jaiak koloreztatzeko asmoz.

Egitaraua egunez egun

Egubakoitza, 9

• 11:30 Puzgarriak.

• 17:00 Karro-poteoa

• 18:00 Txupinazoa.

• 18:15 Buruhandiak.

• 19:00 Irulitxa txaranga.

• 22:30 Suzko erruberak.

• 23:00 Rap kontzertua. Cryne, Alka, Gafer, Gota, Chaos eta Poki.

• 00:30 DJ Moto.

Zapatua, 10

• 10:00 Txistularien kalejira.

• 11:30 Gimnasia erritmiko erakustaldia.

• 14:30 Herri bazkaria.

• 16:00 Azahar taldea.

• 17:30 Eskoriatza areto futbol taldearen, Batzarre taldearen eta Beti-Araba taldearen arteko triangeluarra.

• 19:00 Urolatarrak txaranga eta parrillada.

• 22:00 Obaneuke erromeria.

• 01:00 DJ Mandrabera.

Domeka, 11

• 10:00 Txistularien kalejira eta artisauen eta ekoizleen azoka.

• 12:00 Sagardoa, txistorra eta txanpiak.

• 13:00 Eskoriatza KEren Denboraldi berriko aurkezpena.

• 14:30 Zuk ekarri, zuk jan bazkaria.

• 16:00 Bingoa eta puzgarriak.

• 19:00 Adineko pertsonentzako dantzak.

• 21:00 Jai amaierako traka.

Lehenengo egunean, besteak beste, musika izango da protagonista, batez ere. Izan ere, Irulitxa txarangak bi auzuneetan mugituz musika dantzagarria eskainiko du. Horrekin batera, San Pedro jaietan Gorosarri plazan jarritako oholtzan aritutako rap kantariak ere arituko dira musikaren laguntzarekin letra landuak eskaintzen. Egunari amaiera emateko, DJ Moto –Andoni Moto– izango da. Azken hau San Pedro eta Intxaurtxuetako Jai Batzordean programa antolatzen aritzen da, baina beti izaten da harentzat lekua agertoki gainean. Honako hau adierazi du aurtengo jaien baitan: "Iaz, asteburu kultural gisa antolatu genituen festak, eta pixka bat hankamotz geratu ginen, gehiagorako gogoz. Beraz, aurten, denbora luzez prestatzen eta lotzen aritu garen hitzorduekin bete dugu egitaraua, eta San Pedro eta Intxaurtxueta auzoetako bizilagunen artean ilusioa dagoela nabari da".

Paella-jana 400 lagunentzat

2019an egindako herri bazkarian jendetza batu zen Partxis plazako karparen azpian, eta aurreikuspen berekin daude aurten ere antolatzaileak. Hori horrela, Ilargi, Compostela eta O'Dogherty tabernetan salgai jarri dituzte dagoeneko bertara joateko txartelak, hamabi eurotan. Paella mistoa edo haragizkoa izango da, ogia, edaria eta postrea barne, eta txartelak erosteko azken eguna irailaren 3a izango da.

Kirolak bere lekua izango du

Gimnasia erritmikoa praktikatzen duten Eskoriatzako gimnastek erakustaldia eskainiko dute hilaren 10ean. Hirugarren maila nazionalean denboraldi berria hasiko duen areto futbol taldeak partidua jokatuko du, eta horiekin batera, Eskoriatza Kirol Elkartea osatzen duten saskibaloiko eta areto futboleko talde guztien, entrenatzaileen eta jokalarien aurkezpena egingo da irailaren 11n.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak