Bidegorriko hoditeriaren lanak, irail amaierarako

Imanol Beloki Unamuno 2022ko ira. 2a, 14:36

Asteon ateratako erretratuan, Eskoriatza eta Aretxabaleta arteko bidegorriko lanen itxura.

Eskoriatzatik Aretxabaletako noranzkoan ur hoditeria nagusian egin beharreko lanengatik itxita egon da bidegorria. Aurreikuspenen arabera, hilabete honetan amaituko dituzte, baina zenbait erabiltzaile kexu dira alternatibarik ez delako jarri.

Uztailaren 5ean Eskoriatzako Udalak webgunean jakinarazi zuen moduan, Eskoriatza eta Aretxabaleta arteko bidegorrian lanak egiten hasi ziren, hura zeharkatzen duen ur hoditeria nagusian zenbait konponketa egin behar zituztelako. Hori horrela, oinezkoentzat, bizikletan aritzen direnentzat edo herri batetik bestera patinetez aritzen direnentzat, hau da, erabiltzaile guztientzat, itxita izan da bidea ordutik. Lanak ondo bidean, irailean normaltasunez irekitzeko aurreikuspena zuten, baina oraindik ez dituzte lanak amaitu, eta, beraz, bidegorriak itxita jarraitzen du, nahiz eta ezinbestean bertatik pasa behar dutenek pasatzen jarraitu duten, errepidea ez zapaltzeko eta beraien segurtasuna bermatzeko.

Ur Kontsortzioak hoditeria nagusian hainbat hobekuntza lan egin behar zituelako itxi zuten Eskoriatzatik Aretxabaletara bitarteko bidegorria, eta, beraz, Jose Arana nagusien egoitza atzealdetik pasatzen den zatia itxita egon da bi hilabetez. Lehenbizi, nagusien egoitzatik Intxaurtxuetako pasabiderainoko bide-zatia oinezkoentzako moztuta geratu zen, eta gero, Fagor Automationera bitartean hasi ziren lanak egiten.

Alternatiba eskatu

Abuztuaren 14an, Eskoriatzako eta Aretxabaletako EH Bilduko kideek bidegorriko erabiltzaile guztiei alternatiba bat eskaini behar zitzaiela adierazi zuten, lau puntu nagusitan banatuta. Funtsean, adierazi zuten bidegorria ezinbesteko pasabidea dela, esate baterako, lanera joateko: "Autoentzat eta autobusentzat alternatibak jartzen diren moduan, bidegorrian dabiltzan herritarrentzat ere aukerak jarri behar direla deritzogu; bidegorria ez da aisialdirako bakarrik, desplazamenduetarako ere bada. Kontu izan behar da, eta pairatzen ari garen energia krisiaren testuinguruan, bidegorri bidezko desplazamenduek garrantzia irabazi dutela eta tentu handiagoz zaindu beharra dugula aukera hori. Gauzak horrela, eta garraio jasangarriaren alde egin nahi badugu, oinez, bizikletaz edota patinetez dabiltzanei autoz dabiltzanei baino lehentasun handiagoa eman behar zaiela deritzogu; eta bidegorria ixteak hainbat herritarri eragiten die: eguneroko paseoa edo korrikaldia egiten dutenei; lanera autoz edo autobusez joaten ez direnei; ondoko herrira aisialdirako joaten direnei… Horren adibide, egunotan errepidetik edo obra tartetik, itxitura gaindituz, ikusi direnak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak