Atxorrotx Kultura Elkarteak antolatutako Errekan Gora jaialdia iraileko hirugarren asteburuan izango da, eta, hasierako edizioetan ez bezala, asteburu bakarrera mugatzearen aldeko apustu irmoa egin dute hamalaugarren edizio honetan antolatzaileek, iaz moduan.
Jaialdia antolatzen hasi zirenetik uztaileko asteburuetan banatu izan da programazioa, eta bereizgarritasun asko izan ditu orain arte: emanaldiren bat herrigunetik atera izan dute; ohiko txokoez gain, herriko bestelako eremuak ere erabili izan dituzte kontzertuak egiteko; musikaz gain, bestelako kultura diziplinak ere izan dira… Hala ere, uztailean Debagoienean izaten den kultura proposamen handiaz jabetuta, irailera aldatzea eta aste bukaera bakarrera mugatzea erabaki zuten Atxorrotx Kultura Elkarteko kideek. Hori horrela, edizio honetan, sei musika talde izango dira, guztira, irailaren 16ko, 17ko eta 18ko asteburuan Eskoriatzan.
Emakume presentzia bermatu
"Iazko edizioaren balorazioa oso ona egin genuen Atxorrotx Elkarteko kideok. Iraileko asteburu bakarrean antolatu genuen jaialdia, eta, emanaldi bat herrigunetik atera arren, Fernando Eskoriatza plazan izan ziren kontzertu gehienak. Hori horrela, aurten lau emanaldi izango dira Fernando Eskoriatza plazan, beste talde bat kaleetan zehar arituko da eta beste bat Gernika plazan egingo da. Beste urte batez, puntako taldeak ekartzeko ahalegina egin dugu, eta asmatuko dugula aurreikusten dugu. Gainera, emakume musikarien presentzia bermatu nahi izan dugu aurtengo programazioan…", adierazi dute Atxorrotx Kultura Elkartetik.
Egitaraua:
LIHER
Herriko plazan Irailak 16, egubakoitza / 22:30
ANARI
Herriko plazan Irailak 17, zapatua / 13:00
KINBONBO BRASS BAND
Herriko kaleetan zehar Irailak 17, zapatua / 19:30
NEOMAK
Herriko plazan Irailak 17, zapatua / 22:30
ERROMINTXELAK
Gernika plazan Irailak 18, domeka / 13:00
THE RIFF TRUCKERS
Herriko plazan Irailak 18, domeka / 19:30
Menua aurkezteko, 'aperitif'-a
Aurtengo Errekan Gora jaialdiko egitaraua aurkezteko, Yeray Gasconek eta Jon Ander Artolak osatutako HABI taldearen emanaldia izan zen joan den zapatuan Inkernu taberna parean. Royal Blood eta Queen of Stone Age taldeen musikaren antzekotasunekin, estilo askoren nahasketez betetako kantuak izan ziren gozagarri.
Musikari laguntzeko, 'foodtruck'-a
Berezitasun moduan, Errekan Gora jaialdiaren baitan foodtrack karabana bat izango da musika-hitzorduei laguntzeko. Mota askotariko hanburgesak eskainiko ditu, hot dogak, patata frijituak gaztarekin eta hirugiharrarekin, pintxoak, pastelak…