Musika eta piroteknia sinkronizatuta, saioa

Imanol Beloki Unamuno 2022ko uzt. 22a, 12:48
Zubia, San Pedro eta Intxaurtxuetako jaietan suziriak jaurtitzen.

Uztailaren 30ean, San Inazio bezperan, ikuskizun piromusikala izango da, 22:45ean hasita, tren estazio zaharrean. Eskoriatzako Udaletik adierazi dutenez, ikuskizunaz gozatzeko leku aproposenak bidegorria eta Tesa enpresaren atzealdea izango dira.

2020an hil zen Juan Carlos Zubia eskoriatzarra, eta hura omentzeko hamar minutuko ikuskizuna izango da uztailaren 30ean. Pasioz bizi zituen etxafuego, su artifizial eta musika emanaldiak, eta herriko zenbait ekitalditan horien ardura izaten zuen. Hura izan zen, gainera, San Inazio bezperan musika eta suzko erruberak konbinatutako ikuskizunaren ardura izaten zuena. Hori horrela, Vulcano pirotekniakoek zuzenduta izango da ikuskizuna gozagarri.

Ekainaren hasieran eman zuen ekintzaren berri, Vulcano pirotekniakoak herrian izan zirela aprobetxatuta, eta bertan, ikuskizunaren xehetasunak emateaz batera, Zubia izan zuten gogoan: "Hizki handiz idatzi nahi dugu esker ona; alde batetik, Juan Carlos Zubia omendu nahi dugu; eta, bestetik, Vulcano pirotekniakoen ezinbesteko laguntza eskertu nahi dugu. Zubia kolaboratzaile sutsua zen; gure herriko ospakizun, jai eta ekintzak hura gabe ulertezinak zirelako. Beti zegoen laguntzeko prest, eta, zer esanik ez, etxafuegoak jaurtitzeko. Beste gauza askoren artean, hari esker, San Inazio bezperako ikuskizun piromusikala antolatu ahal izan genuen, eta aurten ere egun berean antolatzea erabaki dugu", adierazi zuen Joserra Zubizarretak, Eskoriatzako alkateak.

Errautsak piroteknian

Juan Carlos Zubiaren seme Haritz ere hitzorduaren aurkezpenean izan zen, eta eskerrak emateko aprobetxatu zuen: "Nire aita Eskoriatzako udaletxean jaiotakoa zen, eta beti izan zuen inklinazio bat bertako ekintzetan parte hartzeko. Familian haren errautsekin zer egin eta zer ez erabakitzerakoan, beraren errautsen zati bat su artifizialen karkasetan sartzea erabaki dugu…".

Merkatuko onena

Vulcano pirotekniako arduradunek, bestalde, honako hau aurreratu zuten ikuskizun piromusikalaren gainean: "Ikuskizuna Juan Carlosek bere garaian egin behar zuen bilduman oinarritukoa da, era oso profesionalean. Ikuskizun oso dinamikoa izango da eta herritarrek pirotekniako merkatuko azken berrikuntzekin gozatzeko aukera izango dute". [Hona hemen Vulcano pirotekniakoek prestatutako planoa]

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak