Eskaerak aurkezteko azken eguna, gaur

Imanol Beloki Unamuno 2022ko uzt. 22a, 10:45

Eskoriatzako Dorleta auzoko haur parkeak gaur egun duen egoera.

Dorleta auzoko haur parke berria egiteko prozesua argia ikusten ari da. Hiru aukera jarri zituen Eskoriatzako Udalak jendaurrean, ikastetxeetako haurren 192 ekarpen izan dituzte, eta, proiektuari hobekuntzak gehituta, gaur amaituko da lizitazioa.

Dorletako haur parkea berritzeko proiektua martxan da. Lehiaketa publikora atera da lana, eta gaur amaitzen da proposamenak aurkezteko epea.

Egitasmoa hasteko, parte-hartze prozesu bat jarri zuen martxan Eskoriatzako Udalak, aurretik hiru proiektu landuta, eta maiatzean bukatu zen hautatze prozesu fasea. Hiru proposamen horiek Eskoriatzako ikastetxeetan erakutsi ziren, eta baita paneletan jarri haur parkean bertan eta bibliotekan. Hala, haurrek iritziak eman eta ekarpenak egin zituzten, guztien artean gustukoena aukeratzeko eta aurrera eramateko.

Bigarren proposamena aurrera

"Herriko haurren iritziak kontuan hartuta, hiru proposamenetatik bi aukeratu ziren, eta hainbat hobekuntza egiteko eskatu zitzaien horiek landu zituztenei, haurrek hala eskatuta. 192 iritzi jaso genituen, eta 26 ekarpen batu genituen, eta horietatik 19 gehitu zaizkio proiektuari. Proposamenen artean, joko inklusibo gehiago eskatzen zituzten, eta hasiera batean kontuan hartu ez ziren elementu batzuk sartu zizkioten proiektuari. Batzordera eraman genuen gaia, eta, hasiera batean aurkezten zen bigarren proposamena izan zen hautatua, izan zituen hobekuntzengatik eta boto gehien jaso zuen proiektua izan zelako. Gainera, lanaren alor teknikoak material birziklatu eta birziklagarrien erabilera handiagoa aurreikusten zuen", adierazi du Josu Ezkurdiak, Eskoriatzako Hirigintza eta Mugikortasun batzordeburuak. Gaineratu du "herritarrek parte hartzeko erabilitako mekanismoa San Pedro auzoko Partxis eta Kuatruenako parkeak diseinatzeko erabilitakoaren antzekoa" izan zela.

Aurreikuspena: iraila

Egindako egokitzapenekin, lehiaketa publikora 121.510 eurotan atera da lana, hasiera batean aurreikusten zen 80.000 euroko langa pasata. Hala, proposamenak aurkezteko epea gaur, uztailak 22, amaitzen da. Hori horrela, Eskoriatzako Udalak aurreikusten du lanak irailean hasi daitezkeela. "Orain, adjudikazio prozesua jarriko dugu martxan. Dokumentazio guztia ondo aurkezten badute, irailerako kontratua sinatuta egon daiteke eta hilabete batzuen bueltan martxan izango genituzke lanak. Pena izan da prozesua atzeratu izana eta udarako gertu ez izatea, baina, dena ondo bidean, negurako izango dugu parke berriaz gozatzeko aukera".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak