Marta Garciak bi urte daramatza crossfita praktikatzen, eta, haren entrenamendua osatzeko ariketak indibidualki lantzen dituen arren, txapelketetan binaka eta taldeka ari da parte hartzen. Bikote gisa, harekin batera aritu da lehiatzen Elaitz Iregi eskoriatzarra, eta lauko taldean egiten diren lehiaketetan, berriz, gimnasioko hainbat kirolarirekin hartu izan du parte.
Binakakoan liderrak
Banakako txapelketa iaz egin zuen lehenengo aldiz Garciak. Aurten, berriz, bikotekako sailean, Elaitz Iregirekin aritu da, eta emaitza onak jaso dituzte. Arrasaten egindako azken lehiaketan, esaterako, hirugarren postua eskuratu zuen Iregirekin batera, eta une honetan, urrian Errioxan izango duten txapelketa ari dira prestatzen. "Lehiaketak oso ondo daude, eta bikotekako kategorian sailkatu egin gara. Oraingoz, lehenengo postuan gaude… Hala ere, entrenamenduetan dago gakoa; eguenetan eta domekatan izan ezik, egunero entrenatzen gara".
Askotariko txapelketak
Entrenamenduak gauzatzeko planifikazio pertsonalizatua dute ezarrita crossfitean ari diren kirolari guztiek, eta hori jarraituz prestatzen dira. "Ariketak egiten ditugu, baina, batez ere, hiru mota nagusi ezberdindu daitezke. Batetik, ariketa kardiobaskularrak lantzen ditugu: korrika, bizikleta edo arrauna praktikatuta; bestetik, halterofilia ere ezinbestekoa da kirol honetan: pisuzko barra ezberdinekin orotariko ariketak egiten ditugu; eta, azkenik, arlo gimnastikoa ere lantzen dugu. Azken honetan, eskegita egin daitezkeen ariketak egiten ditugu, buruz behera mantentzea eta abar. Ariketa horiek egiteaz gainera, elikadura zaintzea ere ezinbestekoa da. Kasu honetan, oso zorrotzak dira zenbait lagun; gu, ordea, ez gara obsesionatzen…".
Taldean indarrak probatzen

"Julen Zubizarretak, Asier Sanchezek, Oihana Rubiok eta laurok Torrelavegan hartu genuen parte taldekako crossfit txapelketan. Banaka eta binaka parte hartzea baino gehiago gustatu zitzaidan, baina zailagoa da, partaide guztiek batera joan behar dute eta. Ez ginen podiumera iritsi, baina lehenengo aldia izan zen, eta esperientzia izugarria".