Txirikilla Aisialdi Elkarteak koordinatutako udaleku irekiak uztailaren 5ean hasi zituzten Eskoriatzan, eta hilaren 22an amaituko dituzte, azken jaiarekin. Koordinatzaile lanetan Ane Eraña eta Maialen Lete ari dira, hamazazpi begiraleren laguntzarekin, eta, guztira, 150 haur ari dira egunotan herriko aisialdi eskaintzaz disfrutatzen. Orain arte, herrian zehar ekintzak izan dituzte: sukaldaritza tailerra, irteera laburrak oinez zein bizikletan, Uraren Eguna…
Aurten, berrikuntzak
COVID-19aren garaitik hona zenbait aldaketa izan dituzte Eskoriatzako udaleku irekien programazioan. Batetik, galdeketa bat egin zuten udalekuen prestakuntza lanak hasi aurretik, eta, gurasoekin hala adostuta, goizez bakarrik eskaintzen ari dira zerbitzua aurtengo edizioan. "Pandemian ezin izan genituen zenbait ekintza gauzatu: egun-pasak, mendira lo egitera joatea, egun osoko irteerak… Horiek berreskuratu ditugu, aurten. Gainera, berrikuntza gisa, Haur Hezkuntzako hirugarren mailako haurrei aukera ematen diegu 09:00etan hasteko udalekuak, eta Tortolis ludotekan egoten dira 10:00ak arte. Gero, taldea batu eta ekintzak hasten dira…", adierazi du Ane Erañak, Txirikilla Aisialdi Elkarteko koordinatzaileak.


Irteerak taldeetan banatuta
Udaleku irekien lehenengo astean eguraldi kaskarra izan zuten arren, asteon eguzkia eta beroa izan dute bidelagun; beraz, batez ere, ur-jolasak egiteko aprobetxatu dute; hala ere, igerilekuetara ere joan dira, kaleko txoko ezberdinetan jolasak izan dituzte, eta irteeraren bat edo beste egiteko ere aprobetxatu dute. "Landara, esaterako, urtero joaten gara, eta, oraindik joan ez garen arren, asmoa dugu joateko. Horrekin batera, urte askoan, Lehen Hezkuntzako haur guztiak Gamarrara joaten ziren, baina aurten aldatu egin dugu. Gopegira txikienak joan dira, Haur Hezkuntzakoak; LH-1 eta LH-2 mailetakoak, Araiako igerilekuetara; eta LHko hirugarren mailatik seigarren mailara bitartekoak Gamarrako igerilekuetara joan dira", adierazi du Erañak.
Aurrera begirakoak
Uztailaren 22ra arte, udaleku irekien azken egunera arte, ekintza mordoa dituzte aurretik prestatuta, baina azken jaiegunari begira ere badaude. Haurrek oso gustuko izaten duten eguna dela adierazi du Erañak, eta begiraleek ere disfrutatzen dutela dio: "Dantzaldia izango dugu Fernando Eskoriatza plazan, tonbola ederra ere antolatuko dugu, begiraleari tiro jokoa… Egun ederra izaten da eta udalekuak behar bezala amaitzeko hitzordua izaten da".
Aurten, berezitasun moduan, sanferminen bueltako entzierrorik ez dutela egin ere gaineratu du Erañak. "Ohitura izan ohi da entzierroa antolatzea, eta erabaki genuen ez egitea. Hala ere, haurrek hala eskatuta, datorren urtean egitea aurreikusten dugu. Izan ere, udalekuetan egiten ditugun ekintza guztiak edo gehienak haurrekin batera adosten ditugu, eta, entzierroa egin ez dugunez, datorren urtera begira egiteko haur askoren eskaera jaso dugu. Beraz, gure artean hitz egin eta, seguruenik, datorren urtean sartuko dugu programazioan… Hala ere, oraindik geratzen zaizkigu egunak udalekuetan, ekintza ezberdin ugari ditugu, eta horietan ondo pasatuko dugu; gero, gerokoak. Hau da, egin ditugu ekintza guztiak aztertuko ditugu, udalekuen gaineko balorazioa egin, eta hobetu daitezkeenak jasoko ditugu, eskaintza hobetze aldera…", adierazi du Erañak.