Sorkuntza bultzatzeko topaketa, zuzenekoekin

Imanol Beloki Unamuno 2022ko uzt. 14a, 13:55

ZeDemontre topaketan parte hartuko dutenak.

ZeDemontre topaketaren lehenengo edizioa ospatuko da asteburu honetan Eskoriatzan. Herriko interpreteen eta sortzaileen sustapena bultzatzeko helburuarekin, haien talentua demostratzeko aukera izango dute agertoki gainean.

Eskoriatzan sorkuntza bultzatzeko topaketa antolatu dute asteburu honetarako. ZeDemontre izenpean, mota guztietako sortzaile eta artistentzat musika, antzerkia edo taularatu daitekeen beste edozein modalitate eskaintzeko hitzordua izango da, eta parte hartzen duten pertsonek edo taldeek gutxienez 45 minutuko saioa eskaini beharko dute zuzenean; hiru sortzaile izango dira asteburu honetan zuzeneko horiek eskaintzen.

Eskoriatzan jaiotako edo erroldatutako pertsona guztiek har dezakete parte bertan, baina dagoeneko itxita dago izena emateko epea. Taldeen kasuan, taldea osatzen duten pertsonetako batek, gutxienez, Eskoriatzan jaiotakoa izan behar du, edo bertan erroldatuta egon.

Musika eta ipuin kontaketa

ZeDemontre topaketako lehenengo artista Marisol Andrade eskoriatzarra izango da. Non zaz ama? eta Olatzen lagun-minak helduentzako ipuin kontaketa eskainiko du. Lehenengo ipuina euskaraz izango da eta bigarrena, euskaraz, gazteleraz eta ingelesez. Zaldibar antzokian egingo du kontaketa, bihar, egubakoitza, 19:00etan, eta sarrera doakoa izango da.

Bigarren artista, berriz, Andoni Bengoa eskoriatzarra izango da, Fernando Eskoriatza plazako agertokian, egubakoitzean, izango da zuzenekoa eskaintzen. 2007ra arte Barua Bandarekin egindako ibilbidearen ostean, etenaldi luze honetan sortutako kanta berriak abestuko ditu jendaurrean. Barua Banda taldearen atzean Andoni Bengoa –abeslaria eta gitarra-jolea–, Iñaki Kortazar –bateria-jotzailea–, Gari Kortazar –saxo-jotzailea– eta Andoni Zubiaga – baxu-jotzailea– izan ziren. Hain zuzen ere, SS-77, Lukas Prest, Honky Tonks eta Eskoriatzako Txistularien Bandan aritutakoak izan ziren taldea osatu zutenak. Oraingoan, baina, bakarlari gisa arituko da Bengoa, eta pop-rock kutsuko euskarazko kantak eskainiko ditu, gitarra akustikoaren laguntzarekin.

Hirugarren sortzailea ere, eta azkena, musika talde bat izango da. Pajaro Azul da taldearen izena, eta partaideak Jesus Perez Suso eskoriatzarra eta Patxi Rama eta Iker Crespo gasteiztarrak dira. El jardín de las canicas proiektuaren berri emateko igoko dira eszenatokira. Folk, pop eta rock estiloetako kantu akustikoak eskainiko dituzte. Domekan, 20:00etan izango da emanaldia, Zaldibar antzokian.

Sortzaile bat gutxiago

Laugarren sortzaile bat ere parte hartzekoa zen, baina huts egingo du T-Treinta Y Cuatro heavy metal taldeak. Reignición diskoa argitaratuta, bihar, zapatua, ziren kontzertua eskaintzekoak, Fernando Eskoriatza plazan. Luis Romero eta Ion Rail –gitarristak–, Fulgen Zaca –baxu-jotzailea–, Jose Zorrostiaga –bateria-jotzailea– eta Alberto Hernando Perseveranth –ahotsa– dira taldea osatzen dutenak; azkena, Hernando, eskoriatzarra. "Parte hartzeko asmoa genuen, baina, azkenean, taldekide batek ezin du, lanagatik… eta, beraz, pena handiz, ezingo gara egon", adierazi du Hernandok.

Sari banaketa domekan

ZeDemontre lehenengo topaketaren sari banaketa domeka honetan 21:00etan izango da Zaldibar antzokian. Sari bakarra izango da: 400 eurokoa –emanaldiaren erdia baino gehiago euskaraz izanez gero, 100 euro gehiago jasoko ditu–. Gainontzeko parte hartzaileentzat ere izango dira sariak: banakakoak 100 euro, bikoteak 150 euro, taldeak 250 euro; kasu hauetan, emanaldiaren erdia baino gehiago euskaraz izanez gero, 50 euro gehiago. Epaimahaia Eskoriatzako Udaleko Kulturako eta Kiroletako Batzordeak izendatutako pertsonek osatuko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak