Kolaboratzaile berezia kantuen grabaketan

Imanol Beloki Unamuno 2022ko uzt. 8a, 09:18

Iker Luarizaristi eta Diego Saenz soinu teknikaria, Evaristo Paramosekin –erdian–, lokalean.

Los Saneadores proiektuarekin ari da buru-belarri Iker Luarizaristi eskoriatzarra, Juan Coronel El Sensei eta Pablo Segade Chirola argentinarrekin batera, besteak beste. Gainera, Evaristo Paramos izan dute entsegu lokalean abesti baten ahotsa grabatzen.

Los Saneadores musika proiektua ez da musika talde bat, Iker Luarizaristi eskoriatzarraren proiektu pertsonal bat da, eta, zuzeneko kontzertuak egiteko asmorik ez duen arren, kritika soziala hitzetan islatzen duen punk estiloko bederatzi kantuz osatutako disko bat grabatzen ari da. Lana argitaratzean zenbait kopia aterako ditu, aurreikuspenen arabera, azaroan, lagunartean banatzeko asmoz.

Kolaborazio ugari

Luarizaristik bere lana aurrera eramateko hainbat lagunen eta musikariren kolaborazioak izan ditu. "Pandemian, denbora-pasa gisa, La Polla Records taldearen bertsio bat grabatu genuen, eta, hortik hasita, aspaldi eginda nituen abesti batzuk grabatzen hasi ginen, eta berriak ere egin ditugu. Nire lagun Segadek bateria grabatu du zenbait kantutan. Horrekin batera, Victor Coronel Mandinga diskoaren diseinuaz arduratu da, baina bi abestitan bateria doinuak jartzeko ardura ere izan du. Juan Coronel El Sensei-k, berriz, gitarra doinuak eta baxuarenak jarri ditu, eta nik ahotsak eta koruak grabatu ditut". Horrekin batera, kantu batzuetan ahotsak jartzen aritu dira Luarizaristiren anaia, Hodei Luarizaristi, Vuelko taldeko Xabi, Piquillin Y Los Compadres talde argentinarreko Piquillin eta Evaristo Paramos, La Polla Records eta Tropa Do Carallo taldeetako musikari ezaguna.

Argentinan grabatuta

Proiektuaren berezitasun nagusia da Luarizaristik diskoari jarri nahi izan dion musikaren parte instrumentalean parte hartu duten kide guztiak argentinarrak direla; hau da, ahotsak eta koruak izan ezik, musika guztia Argentinan grabatutakoa dela.

Azalean, San Pedro eliza sutan

Los Saneadores diskoaren portadan Eskoriatzako San Pedro eliza sutan.

Diskoaren azaleko irudia Victor Coronel argentinarrak egin du. Pederastiaren kontrako kanta bat dute, eta, hori ardatz, Eskoriatzako San Pedro elizan inspiratu dira ilustrazioa egiteko. Eliza saneatu edo garbitu egin behar dela adierazi gura izan dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak