Erantzun ona izandako jaiak, antolatzaileen esanetan "apartak"

Imanol Beloki Unamuno 2022ko uzt. 6a, 17:08

Musika eskolako dantza taldearen saioa Euskal Jai Egunean.

Jaietarako gogoa zegoela argi utzi dute eskoriatzarrek aurtengo sanpedroetan. Egun bat gehiago izan dituzte jaiek, berritasunak izan dira eta hitzordu guztiek orokorrean izandako harrera onagatik balorazio positiboa egin du Eskoriatzako Udalak, eta baita Eskoitzako Txosna Batzordeak ere.

San Pedro jaiak amaituta, oro har, eta parte hartu duten elkarte edo kolektiboekin kontrastatu aurretik, Eskoriatzako Udalak hasiera batean egiten duen "balorazioa positiboa da", adierazi dute Eskoriatzako Udaleko Jai Batzordeko kideek.

Eskoriatzako Udalaren balorazioa:

Eskoriatzak ilusio eta gogo handiz ospatu ditu aurtengo jaiak. Oro har, eta parte hartu duten elkarte edo kolektiboekin kontrastatu aurretik, Udalak hasiera batean egiten duen balorazioa positiboa da. Askotariko programa ezberdin eta integratzailea egiten saiatu gara. Jaiak guztionak eta guztiontzat dira, eta, beraz, egunero izan dira publiko mota ezberdinari zuzendutako emanaldiak, harrera oso ona izan dutenak. Oro har, parte-hartzea handia izan da, baina jai egun gehienak astegunean izan direnez eta jende askok egun horietan lana zuenez — eta, beraz, lehenago etxeratu behar—, egunen batean jende gutxiago ibili da gauez. Hala ere, parte-hartzeak gora egin zuen ostegunetik aurrera, eta, orokorrean, esan daiteke jende asko egon dela ekitaldi guztietan.
Emanaldi batzuk lekuz aldatu behar izan dira eguraldiaren aurreikuspenarengatik, eta, antzerki emanaldi bat bertan behera utzi behar izan da segurtasun-arrazoiengatik; hala ere, programatutako ekitaldi ia guztiak normaltasunez egin dira.

Kontzertuek arrakasta handia izan dute, eta ACDCren tributua (Bon Scott Revival Show) azpimarra genezake, bailara osoko publikoa erakarri baitzuen, plaza bete eta laudorio handiak jaso, eta horrek Udala animatu du horrelako omenezko kontzertuak programatzen jarraitzera. Txikienentzako ekitaldirik ere ez da falta izan: Go!azen, errekortadore eskola, haurrentzako antzerkia eta bi haur-parke puzgarriekin.

Ohitura den bezala, janari eta edaririk ez da falta izan, eta horrela, dastatze solidarioa, txosnetan antolatu ziren bi bazkariak, Euskal Jaiko herri bazkaria eta Patatak+ lehiaketa izan ditugu. Azken horrek ez zuen nahi genuen eta espero genuen parte-hartzea izan, eta horrek adierazten digu jai-eskaintza hobetzeko lanean jarraitu behar dugula.

Txosnetan ere parte hartzea oso handia izan da, eta egin diren ekintzak arrakastatsuak izan dira. Laburbilduz, jai politak izan dira, eta herritarrek pazientziaz eta presentziaz erantzun diete, eta hori oso eskertzekoa da. Udalak zorionak jaso ditu antolaketarengatik, eta horrek pentsarazten digu norabide onean goazela; hala ere, eskoriatzarren parte-hartzea sustatzen saiatuko gara nahi dugun jai-ereduari buruz hausnartzeko, eta horretarako, lankidetzarako bideak ezarriko ditugu jaiak guztionak izan daitezen.

Eskoitzako Txosna Batzordearen balorazioa:

Eztein amets hutsa izen, erein, erain! esaldia ardatz, bete da bide horretan mezua. Jaien aurretik ondo erein dute hazia; erein ere egin dute, parte-hartze handiko ekintzak izan baitira, eta, amets horren bidean, balorazio positiboa egin dute Txosna Batzordeko kideek.

"Guretzat ardura handia izan da, eta nekeza, baina txosnetan izan dugun giroarekin oso pozik gaude. Ekintza azpimarragarria Pintxada kolektiboa izan da; jende ezberdinak parte hartzeko aukera eman duelako. Horrez gain, kuadrillen arteko jokoak ere, txosnagunetik aterata, sekulakoak izan dira", adierazi du Leire Lezetak, Eskoitzako Txosna Batzordeko kideak.

"Auzolanera etorri direnei, asanbladetan parte hartu dutenei, zerbait sortu denean edo estututa egon garenean lagundu diguten guztiei, barran egon direnei, egitarauan parte hartu dutenei… eskerrik asko!. Datorren urtean jaien antolakuntzan parte hartu nahi dutenei, berriz, ateak zabalik dituztela esan nahi diegu".

Kuadrillen arteko jolasetan, aulki-jokoan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak