2021ean Eskoriatzan jaio ziren haurrei ongietorria egingo diete udaletxean ekainaren 28an. Beste herri batzuetan indarra hartzen dabilen ekitaldia da, eta, hala, aurtengo San Pedro jaietan Eskoriatzan ere egingo dute. 17:00etan egingo dute eta "ekitaldi xumea" izango dela nabarmendu dute.
23 ume jaio ziren
2021ean, 23 ume jaio ziren Eskoriatzan, eta horien guztien familiek jaso dute ekitaldira joateko gonbidapena. Ekitaldian parte hartuko duen umeetako bat Adei Labayen Landa izango da. 2021eko apirilaren 23an jaio zen, eta, iazko sanpedroez gain, aurtengoak izango ditu lehenengo jai ofizialak. Ainhoa Landa eta Iban Labayen gurasoek maiatzean jaso zuten ekitaldia parte hartzeko gonbidapena. "Ekimen polita iruditzen zait gure artera datozenei harrera egitea", nabarmendu du Landak. Aurtengo jaiak modu berezian biziko dituztela gehitu du Landak: "Lehenengo jaiak izango dira Adeirekin. Bestelako plan batzuk egin beharko ditugu, umeei begira- koak. Egia da umeek guztiari ilusio bereziarekin begiratzen diotela, eta hori ikustea ere polita da".
Eneritz Zubia eta Joseba Azkune Aiert txikiarekin, eta Malen alabarekin joango dira. "Otsailaren 24n jaio zen Aiert. Pozik hartu dugu gonbidapena; egia esan, berritasun polita da eta jaioberriak hartzeko modu polita iruditzen zait", dio Zubiak. Lehenengo alabarekin ez zuten horrelako ongietorririk izan: "Hala ere, Eskoriatzan badago beste ohitura bat, zuhaitzak landatzearena".