Gazteria inplikatuta ekintzen prestakuntzan

Imanol Beloki Unamuno 2022ko eka. 26a, 11:00
Tres Kuervos taldeko musikariek lehenengo emanaldia egingo dute sanpedroetan, txosnagunean.

Eskoitzako Txosna Batzordeak bertako taldeen aldeko apustua egin du. Horrez gain, parte-hartzea sustatzeko asmoz, pintxada kolektiboa egongo da, eta baita "sekretupean" antolatzen ari diren kuadrillen arteko jolasak ere, IX. Banderia eskuratzeko.

Txosna Batzordearen programazioa antolatzeko garaian gazteriaren inplikazioa izugarria izan dela aurten adierazi dute Eskoitzako Txosna Batzordeko kideek. Horrekin batera, herriko musika taldeen aldeko apustua egin dela azpimarratu dute, eta, bost eguneko egitarauan, ibilbide luzeko musikariak eta hasiberriak egongo dira Santa Marinan. "Errelebo aldaketa beharra zegoen antolaketa taldean, eta ilusioz aritu dira herriko gazteak proposamenak egiten, ardurak banatzen, ideia berriak ekartzen…", adierazi du Mikel Letonak, Eskoriatzako Txosna Batzordeko kideak.

Musika eskaintza zabala

Kontzertuen egunean, hau da, ekainaren 30ean, Aramaioko The Clayton taldea izango da txosnetan, eta, harekin batera, Eskoriatzako Klineks eta Tres Kuervos taldeak. Klineks Ibai Gorosarri –gitarra-jolea–, Jon Regaño Zeke –abeslaria eta gitarra-jolea–, Asier Hernandez Ax –bateria– eta Liher Armendariz Baresi –baxu-jolea– laukoteak osatzen du, eta, hamabost urtez geldi egon ostean, kontzertu gutxi batzuk eskaini dituzte azkenaldian. Tres Kuervos taldeak, berriz, Maitane Otamendi Manzana gitarra-jotzaile eta Joseba Olmo baxu-jotzaile eskoriatzarrek eta Jon Iglesias Moreti bateria-jotzaile soraluzetarrak osatzen dute. Musika egiten urte asko daramatzate hirurek, baina, talde berria osatu, eta proiektuaren aurkezpena egiteko emanaldia izango dute sanpedroetan. "Hala ere, aurretik, San Pedro egun bezperan, Andoni Moto DJa izango dugu; uztailaren 1ean, Aretxabaletako Txerrikumeak eta Arrasateko Banana Shake taldeak eta baita Goierriko Azken Sustraiak, besteak beste", adierazi du Letonak.

Kuadrillen arteko jolasak

Eskoitzako Txosna Batzordeko hiru pertsona ari dira antolatzen kuadrillen arteko jolasak, eta sekretupean ari dira dena prestatzen. Hauxe aurreratu dute: "Bandera jolasaren hasierako jolasak berreskuratuko ditugu, lehenengo urteetakoak, baina berrikuntzak ere izango dira…".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak