Tradizioari balioa eman, eta berrikuntzak ezarri

Imanol Beloki Unamuno 2022ko eka. 25a, 16:00

Eskoriatzako danborradako entseguan, Joseba Iñurrategi pilotalekuan.

Pieza berriekin eta batailoi berri batekin, 200 lagun baino gehiago irtengo dira San Pedro bezperan herriko kaleetan zehar danborrak astintzera. Azken entseguetan abestiak fintzen dabiltza, eta gertu daude parte-hartzaileak festarako.

Andoni Moto helduen danborradako zuzendariaren gidaritzapean, bederatzi konpainia arituko dira aurten, 22:30ean hasiko den danborradan, eta zenbait berrikuntzarekin irtengo dira herriko kaleetan zehar danbor hotsak gogoz jotzera: Presoen Aldeko Taldea (131), Eguzkilore (14), Gu Geu (20), Kirol Elkartea (14), Dorleta sukaldariak (14), Irrintzi (14), San Pedro Txiki (28), Egokiena (10) eta Elizoste (9); hain zuzen, 254 lagun.

Asteon, Eskoriatzako danborradako entseguan Joseba Iñurrategi pilotalekuan batutakoak.

Pieza berriak ondo ikasita

"Esko aurrera Kirol Elkartearen himnoa eta Marioren martxa Eskoriatzako txistulariaren omenezko piezak dira berriak, eta horiek sartzeagatik, San Sebastian martxa eta Martxa de Viejas kendu ditugu. Entseguetan kosta egin da pixka bat horiek ikastea, baina uste dut parte-hartzea ona izan dela, ondo ikasi dituztela eta prest daudela parte-hartzaileak egunerako", adierazi du Andoni Motok, Eskoriatzako danborradako zuzendariak.

Nieves Galdos

"Urte mordoa egin ditut danborradan. Lehen, Amuska konpainian irteten nintzen; desagertu egin zen, eta gaur egun, Irrintzi taldean ari naiz. Abestiak ondo ezagutzen ditugu, eta berriak ere ikasita, gertu gaude danborradarako".

Irati Unanue

"Lehen aldiz arituko naiz danborradan. Presoen aldeko batailoian arituko naiz, eta, entsegu bakarrean huts egin dudan arren, nahiko ondo ikasi ditut piezak. Abesti berriak errazak egin zaizkit, baina pena da betiko pieza batzuk kentzea".

Javi Gil

"San Pedro eta Intxaurtxuetako batailoia sortu dugu aurten. 28 lagun arituko gara talde berri honetan; horietako zenbait pertsona beste hainbat edizioetan ere aritutakoak dira; beste batzuk, ordea, ez. Ondo egitea aurreikusten dugu".

Dorleta Agiriano eta Eider Elorza

"Urteak daramatzagu alabak eta biok batera danborradan parte hartzen. Ni entseguren batera ezin izan naiz etorri, baina, Eider, guztietara etorri da. Hala ere, entseguak ondo egin ditugu, ondo koordinatzen gara, eta uste dugu primeran egingo dugula".

Danborrada txikirik ez

Helduen danborradan dagoen parte-hartze handia positiboa da, baina arazoa ere izan daiteke; izan ere, Fernando Eskoriatza plazara iristean, danborrari guztiak bertan sartzeko lanak izango dituzte. Bestalde, haurren danborradarik ez da egingo aurtengo sanpedroetan, Udaletik jakinarazi dutenez. Horren arrazoia da guztia antolatzeko boluntario falta dagoela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak