Eskua larruaren aurka, hamabi bikote lehian

Imanol Beloki Unamuno 2022ko eka. 23a, 16:26
Edorta Zubizarreta, Beñat Illarramendi eta Asier Urzelai pilotariekin.

Kontzejupeko eskupilota txapelketan azken urteetan gazteen eta nagusien txapelketak izan diren arren, zapatu honetan nagusiek bakarrik jokatuko dute –hamabi bikotek, 15:00etan hasita–; hala ere, gazteendako irailean antolatzea aurreikusten dute Atxorrotx Kultura Elkartekoek.

Atxorrotx Kultura Elkarteak antolatutako Kontzejupe eskupilota txapelketa zapatu honetan jokatuko da. Asteon erabaki da txapelketaren ordutegia; izan ere, izen-emateen arabera erabaki da goizean soilik egitea txapelketa edo goizez eta arratsaldez egitea; hala, hamabi bikotek izena emanda, 15:00etan hasiko da txapelketa.

Berreskuratutako txapelketa

Lehia herrikoia urte askoan jokatu da udaletxeko arkupeetan, eta, 2003tik, Atxorrotx Kultura Elkartea ari da aitzinako zaletasuna galdu ez dadin kirola eta pike sanoa uztartzen dituen ekitaldia antolatzen. "Betidanik jokatu da pilotan kontzejupean, eta horrekin batera liga ere jokatzen zen; astebururo izaten ziren partiduak. Hala ere, galdu egin zen, eta egun bakarreko txapelketa antolatzen hasi ginen. Normalean, goizez gazteak aritzen dira, 6 eta 15 urte artekoak, eta arratsaldean, 16 urtetik gorakoak. Inoiz, bi edo hiru ediziotan emakumezkoak ere izan dira, eta, animatuz gero, ongietorriak izango dira", adierazi du Edorta Zubizarretak. Horrekin batera, Zubizarretak gaineratu du edonork irabazi dezakeela: "Gure garaikoak umetatik aritu gara kontzejupean pilotan, eta Enrique Iregi bikotekidearekin batera duela lau edo bost urte egindako ediziora arte parte hartzen izan gara. Gogoan dut behin irabazi ere egin genuela…".

2006an jokatutako Kontzejupe txapelketan batutakoak.

'Binbi' eta Illarra, gogoz

Lehia lagun artekoa izaten da, baina broma gutxi izaten dira udaletxeko arkupeetako txokoan jokoa hasten denean. Hori horrela, parte hartzera animatu diren bikoteak gogoz aritu dira entrenatzen, txapelketarako prest egoteko. Horren adibide da Asier Urzelai Binbi-ren eta Beñat Illarramendiren kasua. "Asteon entrenatzen ere aritu gara, beste asko moduan, eta kontzejupeak eskaintzen dituen trikimailu guztiak batu eta txapelketan praktikan jartzeko gogoz gaude. Txikitatik aritu naiz bertan jokatzen, lehenengo nire anaiekin, gero lagunekin… Eta ondoren, Illarrarekin bikotea osatu, eta bost ediziotan hartu dugu elkarrekin parte. Kontzejupeko sekretu gehienak aritzen garen guztiok ezagutzen ditugu; pilota eramateko zailtasun handienak dituzten koskak non dauden badakigu, eta jakinekoa da udaletxeko atea dela pilota gaiztotzeko eremua, guztiok topatzen dugun txokoa. Hala ere, beti agertzen da koska berriren bat… Beraz, une oro egon behar duzu adi", adierazi du Asier Urzelai Binbi-k.

Haien palmaresaren berri emateko galdetuta, berriz, honako hau dio Illarramendik, barrez: "Pilotan jokatzen jakitea ezinbestekoa da hemen ondo aritzeko, baina pilota eramatearekin asko egiten da. Pilotakada zail bat nolabait jasotzean, esaterako, koska baten jo dezake eta dejada itzela gertatu, pilotari onenak ere ezingo lukeena eraman. Gure kasuan, edizioren batean izan gara finalean, baina irabazi, sekula ez. Ea zapatuan…".

Binbi eta Illarramendi bikoteak aurkari zailak ere izango ditu bertan, eta horietako batzuk ere aipatu dituzte. "Aitor Oyon eta Ibai Gracia izaten dira, normalean, finalera iristen direnak, baina irabazi dezakegu. Guztiok ditugu puntu ahulak, eta edozer gerta liteke", adierazi du Binbi-k.

Irailean, gaztetxoentzat

"Herritarrak Kontzejupeko eskupilota txapelketa jokatzeko gogotsu zeudela ikusita, bikote ugarik emango zuela izena pentsatzen genuen, eta, horrenbestez, gazteen mailako txapelketa irailerako antolatzea erabaki dugu, eta zapatu honetarako nagusiena bakarrik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak