Espainiakoan eta Euskal Herrikoan zilarra lortu du Gorka Elkorobarrutia 'ryder'-ak

Imanol Beloki Unamuno 2022ko eka. 16a, 15:23
Podiumean, ezkerrean, Gorka Elkorobarrutia, egindako azken proban.

Kadete mailan, enduroko Espainiako Kopan eta Euskal Herriko DH Txapelketan, bietan, hurrenez hurren, zilarrezko domina eskuratu du Gorka Elkorobarrutiak, 15 urteko ryder-ak. Lorpen horiekin "pozik", erronka berriei begira dago.

Gorka Elkorobarrutia ryder eskoriatzarrak denboraldi aparta egin du; izan ere, enduroko Espainiako Kopako sailkapen orokorrean bigarren postuan sailkatu da, kadete mailan, eta postu bera lortu du Euskal Herriko DH Txapelketan. "Oso pozik nago lortutako emaitzarekin. Espainiakoan lau lasterketa izan dira eta Euskal Herrikoan, berriz, bi proba ziren arren, bietako bat bertan behera geratu zen, eta bakarrean erabaki da. Bi txapelketetan zilarra lortu dut, eta, nire lehenengo urtea izanda, erronka berriei aurre egiteko indarra eman didate lorpen hauek".

Elkorobarrutia jauzia egiten.

Elkorobarrutia DH Euskal Herriko txapelketan.

Azken proban arazoak

Espainiako Txapelketan lau lasterketa izan ditu aurretik Elkorobarrutiak. Lehenengo lasterketa Ciudad Realen izan zen, Cabezarubias del Puerto herrian; bigarrena, Galizian, Moañan herrian; hirugarrena ere Galizian, Mugardos herrian; eta azkena eta laugarrena, joan den asteburuan izan zena, Huescan, Castejon de Sos herrian. Lehenengo hiru lasterketetan podiumera igo zen eskoriatzar gaztea, baina azkenengo lasterketan, berriz, bizikletaren balaztaren heldulekua apurtu, eta ezin izan zuen lasterketa bukatu. Hala ere, sailkapen orokorrean bigarren postua eskuratuta pozik agertu da Elkorobarrutia. Euskal Herrikoan, aldiz, Barakaldon egindako proban ere lan ona egin zuen duela bi asteko lasterketan.

Erronka berriak

"Duela urte eta erdi hasi nintzen bizikletarekin lehiatzen, eta ahal dudan txapelketa guztietan arituko naiz. Batetik, Bucardo Enduro Bike txapelketa hasiko da uztailean, eta azarora arte iraungo du. Horrekin batera, urrian Espainiako Txapelketa jokatuko da La Adradan (Avila), eta bi horietara joateko asmoz nago. Gero, ikusiko dugu… Ea bietan lan ona egiten dudan eta podiumera igotzen naizen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak