Bukatu da Eskoriatzaren ametsa

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko eka. 11a, 22:08

Eskoriatzako jokalariak, atzean zaleak dituztela. (Argazkia: Omar Martin).

Hil edo biziko partidua zuen gaur Eskoriatzak Pasaian, Afantxo taldearen aurka. Bigarren B Mailara igotzeko bidea ondo urratu dute orain arte eskoriatzarrek, baina gaurkoan ezin izan dute aurkaria gainditu (6-3) eta, beraz, amaitu da ametsa Narciso Pavo eta Mikel Alkaideren mutilentzat.

Eskoriatzarrek ez dute behar bezain ondo hasi partidua eta lehen hamar minutuetan bi gol sartu dizkiete pasaitarrek, presioan baloia lapurtuta. "Guk oso aukera gutxi izan ditugu lehen zatian", azaldu du Alkaidek. Gainera, atsedenaldirako hamaika minutu faltan, bost faltarekin jarri da Eskoriatza eta zazpi minutu faltan, penalti bikoitz bat izan du Afantxok, 3-0ekoa egiteko. Hala ere, atezain eskoriatzarrak gelditu egin du eta 2-0ekoarekin iritsi dira atsedenaldira.

Bigarren zatian hobeto hasi dira Alkaideren mutilak, pare bat gol aukera sortuz, baina partidua bukatzeko hamabost minutu falta zirenean, hirugarrena egin du Afantxok. Hori dela eta, atezain-jokalaria atera dute eskoriatzarrek eta bi minututan bi gol egin dituzte. "Une horretan aktibatu egin gara", dio Alkaidek. Edozelan ere, laugarrena sartu dute pasaitarrek (4-2). "Hurrengo jokaldian, hirugarren gola sartu dugu eta partidua irabazteko aukerak ikusi ditugu".

Partidua bukatzeko bi minutu faltan, zoritxarreko jokaldia izan du Aratz Kortazar kapitainak, baloia galdu eta aurkari falta egin baitio. Ondorioz, kaleratu egin du epaileak eta eskoriatzarrak jokalari bat gutxiagorekin geratu dira. Baldintza horietan iritsi dira Afantxoren bosgarren eta seigarren gola, eta hortxe bukatu da partidua (6-3).

Egindakoaz harro

Alkaidek nabarmendu du "oso harro" dagoela taldeak egindako denboraldiaz, eta orain atseden hartzea dagokiela, datorren denboraldian indar gehiagorekin bueltatzeko. Era berean, zaleez ere oso harro dagoela aitortu du. "200 pertsona inguru etorri dira Eskoriatzatik gu animatzera eta sekulako animoak eman dizkigute, baita partidua amaitu ostean ere. Ikaragarria izan da eta asko eskertzen dira animo horiek guztiak", gaineratu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak