Mikel Alkaide: "Afantxori bere kantxan irabazi diogu jada"

Xabier Urtzelai 2022ko eka. 10a, 14:24

Aratz Kortazar eta Mikel Alkaide, astelehenean Goiena telebistan.

Zapatuan, 19:00etan, Afantxok eta Eskoriatzak 'play-off'-eko partidua jokatuko dute Pasaian. Eskoriatzarrek, gutxienez, hiru autobus beteko dituzte.

Eskoriatzak klubaren historiako areto futboleko partidurik garrantzitsuena jokatuko du zapatuan (19:00, Pasaia). Izan ere, Mikel Alkaideren eta Narciso Pavoren mutilek Bigarren B Mailara igotzeko lehen pausoa eman beharko dute, zer eta liga irabazi duen Afantxoren kontra. Play-off-eko beste partidua, berriz, Tolosako Laskorainek eta Antiguokok jokatuko dute. Eta irabazten dutenek datorren astean izango dute azken partidu erabakigarria. Eskoriatzarrek pausoz pauso joan nahi dute, biharko partidua irabaztea da lehentasuna. Eta Pasaiako Donibane kantxan ez dira bakarrik egongo: eguaztenerako, hiru autobus beteta zituzten jada. Eta laugarrena antolatzeko gertu zeuden.

Dagoeneko atzean utzi duzue Mondrateren kontra irabazitako derbia...

Mikel Alkaide: Kostako zaigu partidu hori ahaztea, zapatukoa sekulakoa izan zen. Eta ez emaitzagatik bakarrik, bi taldeetako zaleek zelan bete zuten Musakolako kantxa, ze giro egon zen, Eskoriatzatik zenbat jarraitzaile etorri ziren, ondorengo ospakizunak... Partidua ederra izan zen, baina baita partiduaren bueltan sortu zen dena ere. Eta bailarako areto futbolarendako sekulako bultzada izan da.

Aratz Kortazar: Nik Eskoriatzan daramatzadan hamasei urteetan ez dut halakorik bizi izan. Partidu aurretik aipatu genuen moduan, partidua ikusten gazte mordoa batu ziren, eta hori da garrantzitsua. Duela bost urte ez nuen pentsatu ere egingo bailarako bi taldek halako kategorian halako partidu garrantzitsua jokatuko zutenik.

Eskoriatzak irabazi zuen partidua, baina kantxan lehia oso parekatua izan zen?

A.K.: Bai, eta partidu aurretik aurreikusten genuen halako partidua izango zela, detaile txikiek erabakiko zutela irabazlea. Intentsitatea gailenduko zela norgehiagokan, eta izandako aukerak aprobetxatu egin behar genituela. Eta horixe egin genuen.

M.A.: Atezainak bikain ibili ziren eta gu bereziki ondo defendatzeko asmoz kantxaratu ginen. Gero, lehenengo golak min egin zien, berdinketak ez zien balio eta erasora jo zuten. Hor erabaki genuen norgehiagoka, Mondratekoek zenbait arrisku hartu zituztelako, atezain jokalariarekin jokatzen hasi ziren eta bigarrena egin ahal izan genuen.

Zaleek hamarrekoa merezi izan zuten.

A.K.: Bai; nahiz eta kantxan tentsio handia izan, ez zen inolako arazorik egon, eta harmailetan beste partidu bat bizi izan zen. Zaleek izugarri animatu zuten eta giro ederra egon zen. Egia da bi kluben artean harreman ona dagoela, jokalari asko Eskoriatzan ibilitakoak dira, lagunak gara.

Amestutako play-off-ak datoz orain...

M.A.: Bai, eta badakigu helburua ez dela batere erraza. Afantxok liga irabazi du, gure aurretik geratu direlako euren kantxan jokatuko dugu partidua, eta, gainera, luzapenik balego eta hor ere berdindu egingo bagenu, ez genituzke penaltiak jokatuko. Zuzenean Afantxok egingo luke aurrera. Baina gauza bat esan behar dizut, badakigu Afantxori euren kantxan irabaztea zer den, aurtengo denboraldian egin dugu hori; zergatik ez dugu errepikatuko?

Etxetik kanpora jokatuko duzue, baina, Arrasaten gertatu moduan, zaleen babesa izango duzue.

M.A.: Aste barruan zabaldu dugu sare sozialetan Pasaiara joateko klubak autobusak jarriko dituela, eta konturatu orduko bi autobus beteta zeuden. Kluba oso errotuta dago herrian, eta igarri egiten da.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak