Kamiseta arrosak jantzita, Herri Eskolako jaia ospatzera

Imanol Beloki Unamuno 2022ko eka. 10a, 13:31

Luis Ezeizako haur talde bat aurreko edizio batean, dantzan.

Urtero bezala, ekaineko bigarren zapatuan ospatuko da Luis Ezeiza Eskoriatzako Herri Eskolako jaia. Adin guztietarako jardueraz betetako eguna izango da, eta herritar guztiak animatu nahi dituzte eskolako jaira, hala, bide batez, ikasturteari amaiera emateko, eta baita egun eder bat ondo pasatzeko.

10:00etan hasiko dira, pregoiarekin, eta trikiti eta pandero doinuekin kalejira egingo dute herrian zehar, Luis Ezeiza Herri Eskolako jaia dela herritar guztiei ohartarazteko. 11:00etan, berriz, Fernando Eskoriatza plazan eskolako ikasleen emanaldiak izango dira, batez ere, guraso eta lagunei zuzendutakoak, eta ondoren, jolasak, tailerrak eta buruhandiak izango dira. Horietan, aurpegi margoketa, maskarak, txapak, papiroflexia, eskumuturreko tailerra eta karaokea izango dira, haurren gozamenerako. Baita hegazkin jaurtiketa, lokotx bilketa, zibak eta sokatira ere.

Goizeko jarduerak amaitzean, 14:00etan, herri bazkaria egingo da Luis Ezeiza Herri Eskolako patioan, eraikinaren arkupeetan. Arratsaldean, berriz, puzgarriak, egurrezko jokoak, bingoa, karaokea, apar festa eta DJ Arkozen animazioa izango dira. Azken hau 18:30ean hasiko da eta 21:30ak bitartean musika ezberdina entzun ahal izango dute bertaratuek.

Marea arrosak koloreztatuta

Zapatu honetan, Eskoriatzan, marea arrosa sortu nahian, zapatuko eskolako jaia koloreztatzeko asmoa dute antolatzaileek. Hori horrela, Hezi eta hazi lelopean Herri Eskola publikoa indartzeko eta bultzatzeko egindako kamisetak jantzita irteteko animatu nahi dituzte eskolako ordezkariek herritarrak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak