Batxilergora arteko ikas-prozesu osoa euskaraz egin duten ikasleek euskarazko B2 mailaren egiaztagiria jasotzen dute. Baina aisialdian aritzeko nahiz lan munduko lanpostu askotarako euskara maila bat gehiago egiaztatzea eskatzen da, hain zuzen ere, C1 maila, eta, jakinik gazte askok maila hori egiaztatzetik gertu egon arren egiaztatu barik dutela, azterketa prestatzeko ikastaro trinkoa egingo du Leintz Udal Euskaltegiak.
Ikastaroak bi atal izango ditu, lehena idatzizkoa prestatzeko eta bigarrena ahozkoa prestatzeko; baina ez da derrigorrez bietarako izena eman behar, baterako zein besterako eman daiteke.
Idatzizkoa eta ahozkoa
EGA azterketaren idatzizko zatia urri hasieran izango denez, prestakuntza ikastaroa irailean egingo da. Ikastaroko prezioa 60 eurokoa da, eta ordutegia izena eman dutenen artean adostuko da. Taldea osatzeko, berriz, gutxieneko ikasle kopurua beharko da –zazpi–.
Ahozko azterketaren prestaketa, berriz, urria-azaroa bitartean egingo da astean behin, eta izena ematen dutenen artean erabakiko da eguna eta ordua. Ahozkoaren prezioa 20 eurokoa izango da.
Izena emateko bideak, berriz, honakoak dira: H@zi zerbitzuan, 943 71 44 07 telefono zenbakira deituta, hazi@eskoriatza.eus helbidera idatzita, edo 636 78 59 71 telefono zenbakira deituta, edo, Leintz Udal Euskaltegian, 943 79 21 68 telefono zenbakira deituta, idazkaritza@udaleuskaltegia.eus helbidera idatzita edo 635 75 24 77 telefono zenbakira deituta.