Elkarlana eta maitasuna ardatz, astea antolatuta

Imanol Beloki Unamuno 2022ko eka. 10a, 10:08

2018ko Aste Zapatistan, Ahinara Zubizarreta eta Rosa Sanchez.

Aste Zapatistari astelehenean emango diote hasiera EskoZap elkarteko kideek. Datorren zapatura arte orotariko ekintzak izango dituzte, eta, horiek aurrera eramateko, norbanakoen eta herriko hainbat elkartetako kideen laguntza izango dute.

Egoiliarrei bisita eta haiekin herrigunean paseoa, hitzaldiak, herri bazkaria, musika eta bestelakoak izango dira Eskoriatzako Aste Zapatistaren barruan. Betiere, "maitasunez egindako festa hau, beste mundu bat eta hobeago bat izan dezakegula adierazteko helburuarekin", EskoZap elkarteko kideen esanetan.

Hemen egitaraua:

Astelehena, 13

• 19:00 Xebe Diezen hitzaldia, kultura etxean.

Martitzena, 14

• 17:00 Udaberri paseoa egoiliarrekin.

• 17:30 Piñatak, plazan.

• 18:00 Dorleta Kortazarren ipuin kontaketa, Gernika plazan.

Eguaztena, 15

• 19:00 Colectiva Cerezakoekin bideokonferentzia, Zaldibar antzokian.

Eguena, 16

• 17:00 Mural partehartzailea Ibai Urretarekin, Kimu ile-apaindegiko paretan.

• 18:30 Piñatak, plazan.

Egubakoitza, 17

• 11:00 Beste mundu bat posible delako Iurre Romaretazabalaren hitzaldia, Luis Ezeizan.

• 18:00 Gaztetxef lehiaketa, plazan.

• 19:30 Loreen tailerra, plazan.

• 23:30 Oihu taldearen kontzertua, Inkernun.

Zapatua, 18

• 11:00 Bigarren eskuko azoka, plazan.

• 12:00 Rosa Sanchez musikariarekin poteo musikatua.

•14:30 Herri bazkari mexikarra, plazan.

• 16:00 Magia saioa eta tonbola, plazan.

• Goizean eta arratsaldean elektrotxaranga.

Programari hasiera emateko, Euskara, jatorrizko hizkuntza eta sorkuntzaren soinua hitzaldia egingo du Xebe Diez euskal aktore, eguraldi iragarle eta polifazetikoak. Kultura etxean izango da hitzordua, eta Chiapasko kafea eta pastak ere egongo dira bertaratuentzat. Martitzenean, berriz, Jose Arana nagusien egoitzako egoiliarrak bisitatu eta herrian zehar paseoa egingo da trikiti doinuekin, haurrentzako piñatak jarriko dituzte eta Dorleta Kortazar eskoriatzarraren ipuin kontaketa ere egingo da. Asteko ekintzen artean, azpimarratzeko hitzorduak izango dira, bestalde, Construcción de justicia para las mujeres de Chiapas izenpean Mexikoko Colectiva Cerezakoekin bideokonferentzia.

Hildakoak oroituz

Egubakoitzean, aldiz, aipatzekoa da Tzonpantli Margoketa eta Cempazutzitl loreen tailerra. "Aste Zapatista antolatzen urte askoan laguntzen aritu den lagun bat hil da, eta, hura gogoan, aldare bat egingo dugu, Mexikon oso ohikoa dena. Garezurrak margotuko ditugu, paperezko loreak ere egingo ditugu…", adierazi du Oihana Irazuk, EskoZapeko kideak. Zapatuan, besteak beste, herri bazkari mexikarra egingo da plazan, eta txartelak hamabost eurotan erosi daitezke Eskoriatzan, Inkernun, Nairan eta Urrestillan, eta Aretxabaletan, Txikibarren.

Laguntza eskertuta

Aurtengo programa prestatzeko laguntza handia izan dute, eta eskerrak emateko aprobetxatu dute EskoZapetik: "Eskoriatzan Feminismo Bizirik taldekoen eta Atxorrotx Kultura Elkartekoen laguntza eskertu nahi izan dugu. Beti behar dugu laguntza, eta aurten, bereziki. Izan ere, gure elkarteko hainbatek ezin izan dute oraingoan lagundu, eta beste elkarte batzuen babesa izatea izugarria da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak