Ausartak taldeak bi emanaldi egingo ditu asteburuan

Imanol Beloki Unamuno 2022ko eka. 2a, 17:08

Ausartak taldeko kideak entsegu batean.

La caja tonta ikuskizuna eskainiko dute Ausartak taldekoek, asteburuan. Bi saio eskainiko dituzte ekainaren 4an, zapatuan, 19:00etan, eta ekainaren 5ean, domekan, ordu eta leku berean, Zaldibar antzokian.  Sarrerak Manuel Muñoz kiroldegian erosi daitezke, bost eurotan.

Eskoriatzako antzerkilarien ikuskizun hori ez da berria. Duela sei urte egin zuten herrian, eta, orduko harrera "oso ona" izan zenez, berriz egitea erabaki dute. Hauxe adierazi du Mari Carmen Fernandezek, Ausartak antzerki taldeko kideak: "Normalean, egun berean bi saio eskaini izan ditugu Eskoriatzan, herritarren artean arrakasta izaten dugulako, eta inor ez geratzeko saioa ikusi barik. Ez gara profesionalak, baina gustura egiten dugu, eta, egun berean bi saio eskaintzea gogorra denez, oraingo honetan, bi egunean egitea erabaki dugu. Hau da, ekainaren 4an, zapatuan, 19:00etan, eta ekainaren 5ean, domekan, ordu eta leku berean, Zaldibar antzokian".

Bere egunean La caja tonta lana Eskoriatzan egin zutenean ikusi ahal izan zutenek errepikatzeko aukera izango dute, beraz, eta lehen aldiz ikusi nahi dutenek umorezko saio apartaz disfrutatu ahal izango dute. Izan ere, telebistako saioen gaineko umorezko kritika egingo dute antzezlanean. Edukirik gabeko zabor-programak, egunerokotasunean buruan sartzen dituzten ideien gainekoak berbagai izanda. Lan horretan arituko dira Arantxa Lopez de Letona zuzendariaren gidaritzapean Emi Izurra, Katy Pizarro, Maribi Carrillo, Mari Carmen Fernandez, Marijo Fernandez, Paquita Ramos eta Amaia Arrizabalaga artista eskoriatzarrak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak