Eskoriatza San Pedro jaietako egitarauan urte askoan egon izan da haurren danborrada programatuta, eta jaietako klasiko bat izan dela esan daiteke. Baina azken urteetan ez ditu une gozoak bizi izan: parte-hartzen hartu izan duten umeak gero eta gutxiago ziren eta gainera adinez gero eta txikiagoak; eta antolaketa lanetan parte-hartzeko guraso boluntario taldea ere gero eta txikiagoa izan da. Behin baino gehiagotan pentsatu izan da danborrada egin barik geratuko zela, baina azken momentuan, aurrera atera izan dute. Baina aurten ez da horrela izan.
"Danborrada antolatzeko deia modu askotara eta bide desberdinak erabilita egin badugu ere, erantzuna txikia izan da, eta danborrada itxura duinez antolatzeko gutxieneko parte-hartzaile kopurua batzea lortu ez dugunez, pena handiarekin, bertan behera uzteko erabakia hartu behar izan dugu", adierazi dute Eskoriatzako Udaletik. Gaineratuz, "erabakia hartzea ez da erraza izan, tradizioak etetea kosta egiten da eta. Baina egoera honetan erabakirik egokiena zelakoan hartu dugu. Espero dugu etenaldi hau laburra izatea, eta datorren urtean berriro antolatu ahal izatea".
Azkenik, eskerrik eman nahi izan dizkiete aurten parte-hartzeko izena eman duten haurrei eta euren familiei, baita antolaketa lanetarako prest agertu diren gurasoei ere. Eta baita, urtez urte danborrada antolatzen ibili izan den guraso talde zabala ere, haiei ere gure aitortza eta esker ona.