Mendiolako eliza aurrean batuko dira egunari hasiera emateko, 10:30ean, Arkarazo-Mendiolan jaiotako seme alaba edo bilobak. Etxafuego jaurtiketa eta kanpai jotzea egingo da, eta largero batzeari ekingo diote baserriz baserri. Lehenbizi, Uriaga baserrira igoko dira, autoz, eta ondoren, Mendiolako eliza ondotik beheranzko noranzkoan jarraituko dute. 14:00 inguruan, berriz, Mendiolako elkartearen kanpoaldean bazkalduko dute egunera batzen direnek. Horretarako, ogitartekoak edo dena delakoa norberak eramateko dei egin dute, eta antolatzaileek jarriko dute edaria. 18:00etan hasita, aldiz, largero batzearen amaiera eta osteko jaiaren hasiera izango dute, Mendiolako eliza inguruan. Gaztetxoenendako jokoak izango dira, bertaratzen direnentzako largero batzean jasotakoaren luntxa, eta amaitzeko, musika izango dute, girotzeko, gauera arte. Antolatzaileek gaineratu dutenez, Mendiolako elkartean barra bat jarriko dute eta egunean zehar zein gauean edariak salgai izango dituzte.
Batu aurretik, eskaera
Largero batzean baserrietan mota hauetako produktuak ematea eskertuko dutela azpimarratu dute antolatzaileek: "Txorizoa, gazta, urdaiazpikoa eta antzeko produktuak; prestatutako patata-tortillak; postrerako gauzak: irasagarra (menbrilloa), etxean egindako bizkotxoak, gazta…". Horrekin batera, Largero Egunean kantuan joateko baserritar jantziak eramatea ere proposatzen dute jaieguna hauspotzeko lanetan ari direnek, eta zapia eramatea ere eskatu dute. Gainera, nahiz eta largero batzean ez ibili, osteko luntxera Arkarazo eta Mendiolako bizilagun guztiak gonbidatuta daudela jakinarazi nahi izan dute, eta bertara joateko animatu.