Eskoriatzako 1. Rallysprinta uztailaren 16an egingo da

Imanol Beloki Unamuno 2022ko mai. 25a, 09:51

Rallyetako autoak, Fernando Eskoriatza plaza parean aparkatuta.

Uztailaren 16an, Eskoriatzako lehenengo rallysprinta egiteko asmoa agertu du EskoMotor taldeak. Eguna zehaztu dute, eta Euskadiko Automobilismo Federazioari ere ibilbidearen nondik-norakoak erakutsi, eta begi onez ikusi arren, aurrekontu bila ari dira antolatzaileak; hau da, diru-bilketa prozesuan.

Rallysprinta lau mangetan banatuta egongo da: "Orain arte hiru manga egiten ziren, baina Federazioko bileran erabaki zen lau egitea, tramu berdinean, bi alde baterako noranzkoan eta beste bi beste aldera. Hori horrela, lehenengo bi mangak hala izango dira, Aretxabaletatik Eskoriatzara bitartean, Mendiolako lehenengo aldapatik hasi –Aretxabaletako Bainuetxe industrialdea–, Lete, Eraña, Bolibar, eta Agiñatik pasata, Atxorrotxeko zementuzko bidetik behera, helmuga bertan izanda. Hurrengoko bi mangak, berriz, Eskoriatzako plazatik irtenda, aurkako norabidean gorantza atera, eta ezkerrera eginda, Namaste belar-dendatik gora, depositu zaharretik gora, Atxorrotxeko zementuzko bidetik gora, Bolibar, Eraña, Lete eta Mendiolan amaituta". Hala, zortzi kilometroko bidea egingo dute Aretxabaleta eta  Eskoriatza herriak hartuz, eta Eskoriatzako elizateetako bideak ere balioan jarriko dituzte, bide batez.

Portasolgo jaiak

Bi mangen artean autoak ikusgai ere izango dira, eta Aretxabaletako Portasol auzoko jaiak izanda, erakusgai ere jarriko dituztela autoak adierazi dute antolatzaileek. Lasterketaren atsedenaldian aretxabaletan ikusgai jarri ostean, lasterketa amaitzean, berriz, Fernando Eskoriatza plazan ere izango dira ikusgai auto guztiak.

Eskoriatzako Rallysprinteko kartela.

Diru-bilketa prozesuan

Diru pixka bat ateratzeko asmoz, kamiseta batzuk atera dituzte antolatzaileek, 15 eurotan. Eskoriatzako eta Aretxabaletako hainbat tabernetan jarri nahi dituzte salgai, eta horrekin batera, egunean bertan, Fernando Eskoriatza plazan, stand batean izango dira kamisetak  salgai.

Eskoriatzako rallysprinta egiteko kamiseta salmenta egingo dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak