Elizate guztiak oinez zeharkatzeko martxa

Imanol Beloki Unamuno 2022ko mai. 20a, 09:14
Zazpi Elizateen Martxaren edizio batean, Apotzagako anoa-postuan.

Domekan, 07:00etan hasita, zazpi Elizateen Martxa egingo da, Fernando Eskoriatza plazatik hasita. Parte hartzeko ez da aurrez izenik eman behar, eta, Apotzagan jarriko duten anoa-postuaz gain, amaieran ere jana eta edana izango dute parte-hartzaileek.

Elizate guztiak zeharkatzen dituen eta bi urtetik behin egiten den Zazpi Elizateen Martxa domeka honetan izango da. Fernando Eskoriatza plazan hasiko da, 07:00etan, eta ibilbidea honako hau izango da: plaza, Maz- mela, Zarimutz, Marin, Apotzaga, Gellao, Mendiola, Bolibar eta Fernando Eskoriatza plaza; 30 kilometro inguru. Anoa-puntua, berriz, Apotzagan jarriko dute, eliza parean, eta amaitzean ere izango da mokadutxo bat jan eta zerbait edateko aukera. Izen-ematea, berriz, doan izango da, eta, era informalean antolatuta, antolatzaileek parte hartzera animatu nahi dituzte herritarrak.

Hamarretakoa, Apotzagan

Txikirri-Txikirri mendi ibilaldia bi urtetik behin egiten da, Zazpi Elizateen Martxarekin txandakatuz, eta bietan ibilbidearen norabidea aldatu egiten dute. Edizio batzuetan, plazatik Mazmelara joanda hasten da eta beste batzuetan, plazatik Bolibarrera igota, alderantzizko norabidea eginaz. Aurten Mazmelara igota hasiko dela bidea adierazi du Edorta Barandiaranek, Atxorrotx Kultura Elkarteko lehendakariak: "Parte-hartzaileak plazatik Mazmelara abiatuko dira, eta handik Zarimutzera joko dute. Marinera igotzeko, berriz, Kruzetako aldapa igo beharko dute. Horren ostean, San Adrian ermitatik Apotzagara jaitsiko dira. Han hamarretakoa emango diegu parte-hartzaileei, eta, atseden hartu ostean, Gellao auzoraino jaitsiko dira, eta handik, Aretxabaleta aldetik, Mendiolara igo beharko dute. Horren ostean, Bolibar aldera, Lete eta Eraña zeharkatuz, eta Eskoriatzako herriko plazan bukatuko dute".

Egindakoari balioa emateko

Barandiaranek dioenez, aitortza gisa egingo da aurtengo martxa: "Jose Manuel Crespo santanderinoa nagusi dago, eta beste batzuek hartu dugu egitasmoa antolatzeko ardura. Haren ekimenez abiatu zen elizateen martxa, eta lehenengo ediziotik era informalean, lagunartean, egin denez, oraingoan ere modu berean egingo dugu. Crespoz gain, Juan Carlos Altunak ere asko laguntzen zuen martxa honetan, eta, beraz, bien lanari balioa emateko edizioa izango da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak