Arazoak dira bart gauetik argindarrarekin Eskoriatzan. Poste elektriko batean izandako matxura baten erruz, 21:30ak bueltan elektrizitate gabe gelditu zen herria. Ordubeteren bueltan berriz piztu ahal izan zituzten gailu elektrikoak eskoriatzar askok, baina ez guztiek.
Hainbat bizilagunek Goienari jakinarazi diotenez, gaur goizean argindar gabe esnatu dira herriko hainbat txoko; tartean, Intxaurtxueta auzoko eraikin batzuk. Horren adibide, Eskoriatzako Udalak webgune bidez jakinarazi du Manuel Muñoz kiroldegia itxita egongo dela goizean. "Eguerdi alderako berriro irekitzea aurreikusten da", udal ordezkarien hitzetan.