Eneko Uribe: "Bezeroa ikusita dakigu ze auto erosi nahi duen"

Idoia Aranbarri Arzuaga 2022ko mai. 7a, 10:10

Afizioa ofizioa du Uribek, izugarri maite baitu automobilen mundua. Rallyetan parte hartu izan du, eta lanean, jendearekin harreman zuzena izatea baloratzen du

Autoekiko zaletasuna dela eta, 2013an ireki zuten Erle Motors, Oñatin, Eneko Uribek eta Gorka Idigorasek. Bost urteren ostean, negozioa handitzea erabaki zuten, eta Eskoriatzako pabiloia hartu zuten. Duela gutxi, berriz, Lucas Cruz gehitu zaie taldera.

Zein zerbitzu eskaintzen dituzue?

Tailerraz gain, garbiketa nahiz karrozeria zerbitzuak dauzkagu. Bigarren eskuko autoen salerosketa ere egiten dugu.

Hainbat krisi bizi dituzue, ezta?

Denetik tokatu zaigu. Eskoriatzan lanean hasi bezain laster, dieselaren krisia egokitu zitzaigun, adibidez. Gero, koronabirusarekin, bi hilabete itxita. Buelta ematen ari garela ikusten dugu, baina galdutako dena lortzeko denbora asko beharko da.

Orokorrean, bigarren eskuko autoen salmenta igo egin da. Nabaritu duzue hori?

Orain, igarri dugu gehiago saltzen direla, auto berrien entrega-data asko atzeratzen baita. Aldi berean, ordea, prezioak asko igo dira, bai erosteko orduan, baita saltzerakoan ere. Gaur egun, jendeak itxaron egiten du ibilgailu zaharra erretiratzeko.

Diesela, duda barik

"Ibilbidearen araberakoa da, baina ni, duda barik, dieselaren aldekoa naiz. Bidaia luzeak egiteko gogorragoa da. Azeleragailua zapaltzen ez baduzu, diesela apurtu egiten da, baina, gaur egun, gasolina duten motorrak ere erraz matxuratzen dira. Guk gehiago saltzen dugu diesela, bezeroek ez dute-eta gasolinazkorik nahi. Beldur asko daudela uste dut. Telebistan ikusten denarekin jendea izutu egiten da. Albisteen arabera igartzen da hemen mugimendua."

Zein motatako bezeroak dituzue?

Gehienak auto berria ez erosteagatik datoz. Atetik sartzen diren unetik argi daukagu zein auto nahi duten. Hala ere, auto esklusiboak ere saltzen ditugu, eta kanpora bidaltzen ditugu bildumagileentzat. Modelo zehatzak eskatzen dizkigute, eta horiek lortzen saiatzen gara. Bezeroen auto zaharrak ere hartzen ditugu.

Zein gomendio emango zenioke une honetan autoa erostekotan dabilen bati?

Gustukoa erosteko. Dena da produktu ona, denak dira fidagarriak. Mantentzeko orduan, ez dago ezberdintasun handirik markei dagokienez, antzeko gastuak baitituzte.

Zein da zure lanaren alderik onena?

Zaletasun handia diegu autoei, pila bat gustatzen zaizkigu. Gainera, beti daukagu zerbait ezberdina egiteko, jendearekin egoten zara eta autoak probatzen dituzu. Zortea da zaletasuna norberaren lana izatea.

Eta okerrena?

Ordutegia, egun osoan hemen baikaude. Neguan gauez sartu eta gauez ateratzen gara. Buruari buelta asko ematen dizkiogu. Lan erritmoa moteltzen denean, zergatia aurkitzen saiatzen gara.

Sektore maskulinizatua izaten jarraitzen du?

Mekanikariak bilatzerakoan ikusi dugu ez dela emakumerik aurkeztu. Administrazioko lan-eskaintzen kasuan, aldiz, alderantzizkoa gertatu da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak