Azken bi urte hauetan, COVID-19aren pandemiagatik Eskoriatzako udaleku irekiak goizez bakarrik eskaini dira. Ordutegi aldaketaren inguruan gurasoen partetik balorazio onak jasota, uztailean egiten diren udalekuak soilik goizez eskaintzea erabaki dute antolatzaileek.
"Gurasoen artean udalekuen ordutegiaren inguruko kontsulta bat egitea erabaki zen. Apirilaren 1ean hasi eta apirilaren 13ra arte egin zen kontsulta, eta kontsulta horretan bi aukera eman ziren: astelehenetik egubakoitzera 09:00etatik 13:00ak arte eta eguenetan 09:00etatik 17:00etara eskaintzea udalekuak edo astelehenetik egubakoitzera 10:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 17:00etara eskaintzea. Familia bakoitzari boto bat emateko aukera eman zitzaion. Guztira, 81 boto jaso ziren: 60, lehen aukeraren alde; eta 21, bigarrenaren alde. Hori horrela, hemendik aurrera udalekuak goizez izango dira", adierazi dute Eskoriatzako Udaleko Gazteria Sailetik.
Izen-ematea zabalik dago
Azken bi urteetan bezala, aurten ere udaleku irekieratako izen ematea online bideratuko da. Dena den, modu horretan egiteko arazoak dituztenek modu presentzialean ere egin ahal izango dute, Tortolis ludotekan bertan, astelehenetik egubakoitzera, 16:45etik 19:15era.
Uztailaren 5etik 22ra bitartean izango dira 2010 eta 2018 urte artean, biak barne, jaiotako haurrei zuzendutako udalekuak, eta prezioak honako hauek dira: 70 euro haur bat, 135 euro bi haur eta 204 euro hiru haur. Hori horrela, maiatzaren 13ra arte dago epea izena emateko. Horretarako, izena emateko dokumentazioa bete beharko da, Eskoriatzako Udal webgunean dagoen formularioa beteta, eta ordainketa agiria txirikila@gmail.com helbidera bidalita. Ordainagirian haurraren izen-abizenak eta jaiotza-urtea jarri behar direla azpimarratu dute antolatzaileek.
Begiraleak behar dira
Udaleku irekietan hezitzaile gisa aritzeko, Eskoriatzako Txirikila aisialdi elkartea dagoeneko hasi da begirale bila. Curriculumak maiatzaren 9ra arte jasoko dira Tortolis ludotekan (17:00-19:00) eta txirikila@gmail.com helbidean. Eskoriatzarrek lehentasuna izan arren, ezinbestekoa izango da euskaraz ondo hitz egitea, lan formakuntzetara joatea eta curriculumekin batera tituluak atxikituta bidaltzea.