Otsailaren 5ean Durangon estreinatu zuten obra, eta, dagoeneko zenbait saio egin ostean, etxean arituko dira aranatarrak, Vargas eta Peritz alboan dituztela. Balorazioa egiteko goizegi den arren, orain arte izan duten harrerarekin gustura agertu dira antzezleak. "Momentuz, pozik gaude ikuskizuna izaten ari den harrerarekin. Jende dezente ari da aretoetara etortzen, eta haien partetik jaso dugun feedbacka ona da", adierazi du Oihana Arana eskoriatzarrak.
Errepikatzeko modukoa
"Gai sakonak lantzen ditugu, modu azalekoan, sinple eta umoretik jorratuta, baina, hala ere, ez da hutsala geratzen, eta ikus-entzuleei errazago iristen zaizkie mezuak. Hala ere, batek baino gehiagok esan digu behin baino gehiagotan ikusi beharreko saioa dela".