Iaz data hauetan egin zuen bezala, aurten ere Tortolis ludotekak datozen lau asteetarako asmakizun lehiaketa jarri du martxan. Bigarren edizio honetan, aldiz, asmatu beharrekoa Eskoriatzan dagoen leku bat izango da. Parte hartzaileek leku horretara joan beharko dute eta bertan familia-argazkia atera beharko dute.
Lehenengo asmakizuna
Tortolis ludotekako hezitzaileek lehenengo asmakizunaren bideoa grabatu zuten ludoteka aurrean, parte hartu nahi dutenei zuzenduta, apirilaren 29an zabaldu zuten erabiltzaileen artean, eta gaur da emaitzaq entregatzeko azken eguna. Honako hau da:
Harrizkua naz, oso aspaldikua.
Alberja onduen nau eta egarrixaz bazauz neuk asetuko zaut.
Eragin buruari, eta esan nor naizen.
Erantzuna argazkietan
Asmakizun bakoitzak Eskoriatzako txoko bat adieraziko du; txokoa zein den asmatutakoan, bertaratu eta familia-argazkia atera beharko da. Argazki hori izango da asmakizunaren erantzuna, eta argazkia bera Whatsappez bidali beharko da zenbaki honetara: 688 60 13 74. Argazkiarekin batera, haurraren izen-abizenak eta adina ere adierazi beharko dira mezuan. Lehenengo asmakizuna jendaurrean, bigarren asmakizunaren azalpen-bideoa gaur argitaratuko dutela adierazi dute.
Egitasmoa HHko eta LHko haurrei eta gurasoei zuzenduta dago, etxean elkarrekin jolas daitezen. Maiatzeko lau asteetan, astero asmakizun bat argitaratuko dute, eta sare sozialen bidez eta Whatsappez zabaldu. Asmatzaileen artean eta erantzun gehien asmatzen dituztenen artean saria zozketatuko dute maiatzaren 31n ludotekan egingo duten itxiera-jaian.
Asmakizunen datak
Bigarren asmakizuna bihar, egubakoitza, kaleratuko dute, eta hilaren 13rako bidali beharko da erantzuna. Hirugarren asmakizuna, berriz, maiatzaren 13an argitaratuko dute eta erantzuteko azken eguna maiatzaren 20a izango da. Laugarren asmakizuna, eta azkena, aldiz, maiatzaren 20an argitaratuko dute eta erantzuteko azken eguna maiatzaren 27a izango da.