Bandatik adierazi dutenez, "herriarentzako piezak dira; eskoriatzarrei zuzendutakoak". Eskoriatzako musika bandako kideek hiru pieza eskainiko dituzte herritarren aurrean, Jesus Urrutia Eskoriatzako bandako zuzendariaren gidaritzapean; horietako bat, lehen aldiz. Mario, Aitzorrotz eta Esko Aurrera piezak dira jendaurrean jotzeko prestatu dituzten kantak.
Eskoriatzarrentzako piezak
Mario izeneko pieza Mario Padilla Eskoriatzako euskaltzalea eta txistularia omentzeko kantua da; Aitzorrotz pieza, berriz, lehenengoz entzungo dute Zaldibar antzokira joaten direnek. Jesus Urrutia zuzendariak sortutako pieza da hori, eta, hiru zatitan, Atxorrotxeko historia kontatu nahi da. Esko Aurrera pieza, azkenik, Imanol Andetxaga bandako musikariak sortutako pieza musikala da, eta San Pedro eta Intxaurtxueta auzoetako jaietan San Pedro Txikietan, estreinatu arren, berriro entzuteko aukera izango dute herritarrek.