Arropa ikusi da bereziki bigarren eskuko azokan, baina baita kirol materiala eta bestelakoak ere. Saltzaileen artean ere denetarik egon da, gazteak eta nagusiagoak. Hemezortzi mahai eta hamar postu jarri dituzte guztira, eta interesa piztu dute bertan zeuden produktuek. Prezioa erabakitzea ez dela erraza eta mahaia jartzea dirua irabazteko baino, etxean pilatutakoak "kentzeko" dela nabarmendu du saltzera animatu den eskoriatzar batek.
Bestalde, Lore eta landare azokan geranioak, begoniak edota liliak erosteko aukera izan dute herritarrek. Gainera, Axtroki merkataritza elkarteko dendetan erosi dutenek, txartelak zeuzkaten landareak doan hartzeko. Iaz, Ibarraundi museo aurrean egin zuten azoka, pandemiak ezarritako mugekin, eta aurtengoan lasaiago egin dute, Atxorrotx egunaren bezperan.