Gipuzkoako lehiaketan, areto futboleko erregionaleko bigarren mailan denboraldi amaiera zaila dute aurretik bailarako Ingou Coinbroker Aloña eta Eskoriatza taldeek. Derbia jokatuko dute gaur, egubakoitza, 22:30ean, Manuel Muñoz kiroldegian, eta, denboraldia amaitzeko bi jardunaldiren faltan, garaipen beharrean daude bi taldeak. Oñatiarrak, sailkapeneko bigarren postuan mantentzeko eta mailaz igotzeko; eta Eskoriatzak, berriz, mailari eusteko eta hirugarren maila probintzialera ez jaisteko.
Elvis Callauak eta Oier Gamboak gidatzen dute Eskoriatzako taldea, eta esperantzaz daude Ingou Coinbroker Aloña taldearen aurkako derbia irabazteko. Hala adierazi du Gamboak: "Gaurko partidua bigarren postuan dagoen taldearen aurka dugu, etxean, eta hurrengoa eta denboraldiko azkenengo partidua Lazkao liderraren aurka, etxetik kanpo. Ondo prestatu gara bietan garaipena lortzeko, eta ez dugu esperantzarik galtzen. Joaneko partiduan galdu egin genuen oñatiarren aurka, baina lan oso ona eginda; beraz, oraingoa irabazi dezakegula uste dut; izan ere, astean zehar lan-saio polita egin dugu eta derbia ondo prestatu dugu".
Talde berria, errotzen
Eskoriatzako taldea osatzen duten jokalarien erdiak gazte mailakoak dira eta beste erdiak, iaz senior mailan aritutakoak. Hala, talde berria da, batetik, eta, horrekin batera, denboraldi gorabeheratsua izan dutela azpimarratu du Gamboak, bestetik: "Taldea errotzeko bidean gaude oraindik, eta urrats sendoak egin ditugu, baina oraindik lan asko dugu egiteko. Lesio asko izan ditugu denboraldi honetan, eta kontuan hartu behar da gure jokalari nagusienak 23 urte dituela; ligako gainontzeko jokalari gehienak nagusiagoak dira. Maila gogorra da, duda barik".
Liderra aurkari, haien etxean
Denboraldiko azken partidua liderraren kontra, Lazkaoren aurka, jokatuko du Eskoriatzak. Etxetik kanpo jokatuko dute, eta, hori lagungarria ez den arren, lazkaotarrek igoera lortu dutenez ez dute ezer galtzeko ezta irabaztekorik ere.