Larrain dantza ikastaroa maiatzean, Ferixa egunerako

Imanol Beloki Unamuno 2022ko api. 28a, 16:42

Larrain dantza. Argazkia: Etakitto.eus

Eskoriatzan euskal dantzen aldeko ekimen indartsua jarri gura dute martxan zenbait herritarrek. Zehazki, larrain dantza berreskuratu nahi dute. "Izan ere, Eskoriatzako lehenengo Euskal Jai Egunean eta bailarako dantzari egun batean egin zen dantza hau herritarren aurrean, eta, orduan izandako arrakastaz gogoratuta, herriko plaza dantzan jarri nahi dugu berriz", adierazi dute Eskoriatzako euskal dantzazaleek.

Interesa pizten bada, ekaineko lehenengo zapatuan izango den Ferixa eguneko programazioan tokia egingo diete, eta ikuskizuna prestatzeko ikastaroa maiatzeko astelehen guztietan izango da.

Nafarroa hegoaldeko dantza herrikoia da larrain dantza eta plazaren bueltan zapia erabiliz dantzatzen da, bikoteka. Dultzainaren eta atabalaren doinuekin egiten da dantza, eta iraupen nahiko luzea du, ordu laurden inguru. Bi zati ditu: plazaren bueltan bueltaka egiten den kalejira itxurakoa, lehenbizi, eta amaieran, bikoteka elkarri begira bi lerrotan egiten den zatia.

Saioak astelehenero

Larrain dantza ikasteko lau saioko ikastaroa Oihane Vicente dantza irakasleak eskainiko du, eta 20:00etatik 21:00etara bitartean egingo da, pilotalekuan. Egitasmoa bultzatu dutenek eta dantza egin gura dutenek azpimarratu dute doako ikastaroa izango dela eta lehenengo hiru saioak praktikoak izango direla, eta laugarrena, berriz, entsegu orokorra; hala, dantza dakitenak azken saiora bakarrik joan daitezke. Hala ere, ondo antolatzeko, 636 78 59 71 telefono zenbakira idatzi edo deitu beharko da. Ferixa egunean ondo irtenez gero, herriko jaietako Euskal Jai Egunean ere dantza egiteko asmoa agertu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak