Jaia 09:00etan hasiko da, eta horretarako Eskoriatzako txistulariek diana joko dute herrian zehar, eskoriatzarrak doinu alaiekin esnatzeko. 11:00etan, berriz, meza izango da Atxorrotxeko Gurutze Santuaren ermitan. Kanpai hotsik ere ez da faltako goiz osoan; ohiturak dioen moduan, bertako kanpaiak joz gero, ekaitzak uxatzen baitira.
Goiz osoan zehar taberna egongo da Atxorrotxen, eta nahi duenak aukera izango du mokadutxo bat jateko eta zerbait hartzeko, eta tabernan batutako dirua Eskoriatzako Atxorrotx Gobernuz Kanpoko Erakundeak dituen proiektuetarako izango da.
Bertaratzen direnek, gainera, Atxorrotxeko eremuan urtetan egindako indusketen emaitzak ere ikusi ahal izango dituzte, kobazulotik alde batetik bestera pasatzeko tartea ere hartu ahalko dute txikienek, eta, Gurutze Santuaren ermitako haitz gainera, zein, parekora igotzeko aprobetxatu ahal izango dute herritarrek, besteak beste.
Gauargi erromeria
Arratsaldean, Fernando Eskoriatza plazan jarraituko du jai giroak, eta 18:00etan, Gauargi taldearen musikarekin dantzarako tartea egongo da. Amaia Txintxurreta, Laura Cantarino eta Asier Castro musikariak igoko dira oholtzara. Txikiek nahiz nagusiagoek dantzan ondo pasatzeko aukera izango dute; betiko euskal kantuak, euskararatutako bestelako kantu dantzagarri batzuk, eta askotariko koreografiak eskainiko dizkiete bertaratuei.
Eskoriatzako Udaletik jakinarazi dutenez, aurten ez dituzte tortilla pintxoak salduko, Fernando Eskoriatza plazan.