Eskoriatzak ezin izan du Afantxo mendean hartu (1-3)

Jone Olabarria 2022ko api. 23a, 20:44

Afantxoren bisita jaso du gaur Manuel Muñoz kiroldegian Eskoriatzak. Partidari nahi bezain ondo heldu ezin eta porrotarekin konformatu behar izan diren arren (1-3), "pozik" agertu dira egindako lanarekin eta helburua modu horretan lan egiten jarraitzea dela aitortu dute.

Hasieratik partidu zaila izango zela bazekiten Mikel Alkaideren mutilek: "Lehen postuan dagoen taldea da Afantxo eta ligan partidu pare bat baino ez dituzte galdu, bat gure aurka. Hala ere partidu polita egin dugu, zaila izan da beraien kontraerasoak kontrolatzea, oso jokalari azkarrak dituztelako, eta badakite min handia egin dezaketela alde horretatik".

Aukerak ezin aprobetxatu

Lehen zatian erosoago sentitu dira etxekoak, baina aitortu dute aurkaria "oso ondo" aritu dela estrategian eta horrek bereziki kaltetu dituela: "Falta batean gola egin digute eta aurretik jartzea lortu dute. Guk gure hasierako planarekin jarraitu dugu eta aukera garbi dezente eduki ditugun arren ezin izan dugu golik egin eta atsedenaldira zero eta bat iritsi gara".

Bigarren zatiari dagokionean aukera asko izan dituztela azaldu du Alkaidek, baina horietako asko galdu dituzte. Epaileekin ere tirabira batzuk izan dituzte atsedenaldi ostean: "Ion kaleratu dute niretzako bidegabea izan den bigarren txartel hori batekin, eta ondorioz jokalari bat gutxiagorekin geratu gara bi minutuz. Hain zuzen ere, bi minutu horietako lehenengoan sartu du Afantxok bigarren gola".

Ostean etorri da etxekoen gol bakarra, penalti batekin. Hurrengo jokaldian baina, eta Eskoriatzako jokalarien akats baten ondorioz,  hirugarren gola sartu du Afantxok: "Hortik aurrera partidua apur bat joan zaigu. Berdin jarraitu dugu eta azken hiru minutuetan erabaki dugu atezain jokalaria ateratzea, baina uste dut ez dugula asmatu". Dena den "pozik" agertu da Alkaide; lana "ondo" egin dutela uste du eta helburua modu horretan lan egiten jarraitzea dela aitortu du.

Mondrateren garaipena

Eskoriatza bezala hirugarren mailan lehiatzen den Mondratek ere partidua izan du asteburuan. Santurtziren aurka aritu dira arrasatearrak eta garaipena etxera ekartzea lortu dute, 2-9 irabazita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak