Motxila 21 taldea izango da Atxorrotx Kultura Elkartearen egunean

Imanol Beloki Unamuno 2022ko api. 20a, 09:41
Motxila 21 taldearen emanaldiaren amaiera, 2017an.

Atxorrotx Kultura Elkartearen eguna, maiatzaren 7an ospatuko da. Egun osoko egitaraua programatu dute elkarteko kideek, eta kultura ardatz orotariko ekintzak prestatu dituzte.

Egitarauari erreparatuz, 11:30ean, txistularien kalejirarekin hasiko dute jaieguna, eta 12:00etan, Fernando Eskoriatza plazan puzgarriak izango dira gaztetxoentzat, Eskoriatzako talogileak taloak egiten eta saltzen arituko dira eta ziza errifen zozketa ere egingo da.

14:30ean, berriz, herri bazkaria egingo egingo da, Inkernu tabernako terrazan. Haurrentzat 10 euro balioko ditu txartelak, eta helduentzat 15 euro; hala, paella, postrea, edaria eta kafea izango dira menuaren barruan. Sarrerak Inkernu tabernan erosi daitezke.

Motxila 21 ezohiko rock taldea

18:00etan, aldiz, buruhandiak aterako dira plazatik, eta 19:30ean, Motxila 21 taldearen kontzertua izango da, Fernando Eskoriatza plazan. Nafarroako down sindrome elkarteko kideek eta boluntarioek osatzen dute musika taldea eta Eskoriatzan 2017an ere egondakoak dira kontzertua eskaintzen. Hori horrela, Atxorrotx Kultura Elkarteak beraien apustua egin du, orduan izan zuten arrakasta bera, edo handiagoa izateko asmoz. Azken unera arte ezingo da jakin, baina, Motxila 21en zenbait emanaldietan Enrique Villareal El Drogas edo Kutxi Romero musikariak kolaboratzaile moduan ere jardun izan dute beraiekin, eta agian oholtza gainean agertu daitezkeela adierazi dute antolatzaileek.

Egitaraua ixteko, 23:00etan, DJ Elvis Caino bergararraren saioa izango da Inkernu tabernan. Eskoriatzan musika jartzen zenbaitetan aritu izan da Izaro Aperribai, eta oraingoan ere jarriko du saltsa, seguru.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak