Eskoriatza areto futboleko senior emakumezkoek joan den asteburuan jokatu zuten ligako azkenengo partidua. Sailkapenean bigarren postuan dagoen Antiguokoren aurka jokatu zuten, eta, 0-0 eginda, sailkapeneko laugarren postuan amaitu dute denboraldia. Ligan bederatzi talde daude, eta denboraldi hasieran markatutako helburua bete dute; hau da, urtero moduan, play-off-erako sailkatzea. Hala, orain, beste fase bati ekingo diote, eta, esperantza izan arren, partidu zailak aurreikusten dituzte.
"Sailkapeneko lehenengo lau postuetan geratu garenok jokatuko dugu fase berri hau. Laugarren postuan geratu garenez, Ordizia liderraren aurka jokatuko dugu, eta irabazten badugu, finalerako sailkatuko gara. Bigarren postuan sailkatu da Antiguoko, eta hirugarren postuan geratu da Laskorain. Beraz, bien arteko bat sailkatuko da finalerako. Izugarria izango litzateke asteburu honetako partidua irabaztea, baita finala ere, baina gero etorriko litzakeena da benetan zaila. Hau da, play-off-a irabazten duenak Arabako eta Bizkaiko onenen aurka jokatu beharko du mailaz igotzeko, eta talde oso indartsuak sailkatzen dira probintzia horietan", adierazi du Marta Garciak, Eskoriatzako jokalariak.
Talde txikia, emaitza handiak
Alex Justel emakumezkoen senior taldeko entrenatzailea ari da taldea gidatzen, Jon Ugarte areto futboleko gizonezkoen lehenengo taldeko jokalariarekin batera. Zailtasunez betetako bidea izan dute, baina talde sendoa eratu dutela gaineratu du Marta Garcia jokalariak: "Hamar jokalarirekin hasi genuen denboraldia. Jokalari bat lesionatu zitzaigun denboraldiaurrean, eta ez da bueltatu. Kopako bi partidu jokatu genituen, eta ligako bigarren jardunaldian ni ere lesionatu nintzen. Gaur-gaurkoz, zazpi jokalari daude taldean jokatzeko gertu, eta, entrenamenduetan gutxi batzen diren arren, demostratu dute denboraldi honetan hasierako helburuak bete daitezkeela, gogoa badago. Hala ere, kanpaina egin beharko dugu datorren denboraldira begira, emakumezko gehiago batu daitezen taldera".