Arrasateko Ointxe!-k eta Eskoriatza Kirol Elkarteak elkarlanean sortutako Saski Goiena Hemen Garbiketak taldea denboraldi ederra egiten ari da, senior emakumezkoen bigarren mailan. Domekan, Az Casa de la Rioja taldearen aurka jokatuko du partidua, 18:00etan, Manuel Muñoz kiroldegian.
Sailkapenean etxeko taldearen aurretik dago aurkaria, laugarren postuan, 32 punturekin. Saski Goiena Hemen Garbiketak taldea, berriz, bosgarrena da sailkapenean, baina puntu kopuru bera dute; horrenbestez, etxekoen babesa lagungarri izango dute garaipena eskuratzeko.
Aurkari gogorra
Abenduan, lehenengo bueltako partiduan, zazpi puntuko aldearekin irabazi zuten errioxarrek, baina etxeko taldeak aurre egin diezaiokeela uste du, nahiz eta entrenatzaileak aurkari erraza ez dela izango nabarmendu. "Partidu garrantzitsua da domekan jokatuko duguna, eta aurkari zuzena, gainera. Bi taldeok ditugu igoerarako aukerak, eta hori ere badago jokoan partidu honetan. Guk joko azkarra egiten dugu, oso fisikoa, eta kontuan hartuta gure kantxa eurena baino handiagoa dela, aukerak ditugula esan genezake. Harmailetatik zaleen babesa jasotzen badugu, irabazi egin dezakegula uste dut", adierazi du Zuhaitz Gonzalezek, Saski Goiena Hemen Garbiketak taldeko entrenatzaileak.
Ibilbide oparoa
Saski Goiena Hemen Garbiketak taldea sortu berria da; izan ere, iaz urtea amaitu aurretik hasi zuen ibilbidea eta orain arte egindako lana bikaina izan da. Hain zuzen, jokatu dituzten hogei partiduetatik hamabi irabazi dituzte. Denboraldia amaitzeko sei jardunaldiren faltan, helburua goiko postuetan mantentzea dute. "Mailaz igotzea da helburuetako bat, eta ezin ba- dugu, sailkapeneko laugarren postua eskuratzea. Hala ere, disfrutatzen ari dira jokalariak, eta taldea sendo dago. Gazteak eta esperientziadunak daude, eta joan den astean partidua galdu genuen arren, partidu hau prestatzeko eta egindako okerrak zuzentzeko oso ondo etorri zitzaigun".