Eskoriatza Kirol Elkartekoek saskibaloi campusa antolatzeko gogoa soberan izan arren, gorabehera asko izan zituzten iaz antolatzeko. Hala, Gabonetan egin behar zena Aste Santura atzeratu eta orduan ere egin gabe geratu zenez, udan egin zuten. Aurten, berriz, zalantzak izan dituzte, baina Aste Santuko Aresko Campusa antolatu du Eskoriatza Kirol Elkarteak, eta bi txandatan banatuta izango da.
Adinaren araberako ikasgaiak
2006 eta 2013 bitartean –biak barne– jaiotako haurrei zuzenduta dago saskibaloi campusa. Dagoeneko 30 gaztetxok eman dute izena, eta, adinaren arabera banatuta, saskibaloiaren gaineko kontzeptu eta teknika ugari ikasiko dituzte, Zuhaitz Gonzalez koordinatzailearen gidaritzapean. "Ni arduratuko naiz campusa gidatzeaz beste bi jokalariren laguntzarekin. Batez ere, ohiko ariketak egingo ditugu, baina, labur-labur esanda, adinaren arabera egokitutako ariketak izango dira. Gaztetxoenei botea, tiroak, paseak, mugimenduak... ondo egiten erakutsiko diegu, besteak beste. Txikienentzat dibertigarria izatea nahi dugu, 9 urte dituzte eta ezin da entrenamendu gogorrik egin. Ondo pasatzea da helburua. Nagusitxoagoek , berriz, psiko- motrizitate jolasak eta teknika indibiduala lantzeko ariketak izango dituzte, besteak beste. Eta nagusienekin teknika lantzeko jolasak izango dira, jokaldiak nola egin eta abar", adierazi du Gonzalezek.
'Non stop' leloa ardatz
Saskibaloira gerturatzea, kirola eginez gozatzea eta txikienek ondo pasatzeko helburu izanda, haurrentzat campusa gustukoa izango delakoan dago Gonzalez: "Pandemiaren ondorioz geratuta izan gara denbora luzez, eta, Aresko non stop leloari segika, Aresko ez dela gelditzen adierazi nahi dugu, eta bide horretan jarraituko dugu".
Izen-ematea zabalik dago
Dagoeneko eman dute izena zenbait gaztetxok, baina orain- dik badago campusean apuntatzeko aukera. Horretarako, aresko.saskibaloi@gmail.com helbidera idatzi behar da.