Eskoriatzako landa-auzoetako jarduera soziokulturala eta ekonomikoa dinamizatzeko laguntzak arautzen eta deitzen dituzten oinarriak argitaratu dituzte asteon Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Oinarri hauen helburua da Eskoriatzako landa-auzoetako auzo-elkarteei Eskoriatzako landa-bizitza garatzen edota mantentzen lagunduko duten jarduera soziokulturalak eta ekonomikoak antolatzeko dirulaguntzak banakako ebaluazioan emateko prozedura arautzea.
Aurrekontu-esleipena zazpi mila eta bostehun eurokoa da, eta elizateetako eta landa auzoetako biztanleek osatutako irabazi asmorik gabeko elkarteek egin ahalko dute eskaera, betiere, egoitza eta jarduera esparrua Eskoriatzako landa-gunean baldin badute eta eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte.
Diruz lagunduko diren gastuak:
Elizatean edo auzoan auzo-harremanak sustatzeko balio duten jarduera soziokulturalak antolatzeak sortutako gastuak: ikuskizunak, kontzertuak, tailerrak, topaketak… eta horrelako ekintzekin lotuta egon daitekeen beste edozein gastu.
Auzoko bizikidetza-espazioak hobetzeko, apaintzeko edo edertzeko jarduera txikiek eragindako gastuak: lorategiak, espazio komunak, bidezidorrak eta abar konpontzea.