Jokalari gutxi, eta partidu erabakigarria

Imanol Beloki Unamuno 2022ko mar. 18a, 11:40

Iaz, Antiguokori gola sartu berri.

Eskoriatza sailkapeneko laugarren postuan dago, eta domekan aurkari izango duen Antiguoko taldea hirugarrena da sailkapenean. Puntu kopuru bera dute, eta eskoriatzarrek aurre hartu nahi diete, baina partidu zaila aurreikusten dute.

Areto futboleko hirugarren maila nazionaleko Eskoriatza taldeak partidu erabakigarria jokatuko du domekan, 16:50ean, etxetik kanpora, Donostian. Hain zuzen ere, sailkapeneko hirugarren postuan dagoen Antiguoko taldearen aurka neurtu beharko dituzte indarrak Mikel Alkaideren mutilek, Pio Baroja kiroldegian, eta puntu kopuru bera dutenez, aurkarien aurretik jartzeko hiru puntuen bila irtengo dira kantxara.

Garaipena, ezinbestekoa

Denboraldiko azken hiru partiduak irabazi dituzte eskoriatzarrek, eta, bide beretik jarrai-tu guran, urrats bat gehiago egin nahi dute. Taldea "sendo" egon arren lesionatutako jokalari asko dituztela adierazi du Mikel Alkaide Eskoriatzako entrenatzaileak, eta ez dela lehia erraza izango domekakoa nabarmendu: "Partidura jokalari gutxi goaz; izan ere, guztira, hamahiru jokalari eta hiru atezain bakarrik gaude, eta bost edo sei jokalari gutxiagorekin arituko gara. Horrekin batera, taldeko zenbait jokalari arratsaldeko txandan aritu dira aste osoan lanean, eta euren kabuz entrenatu dira. Hala ere, bolada onean gaude, eta azken jardunaldietan lortu ditugun emaitzetan ikusten da hori. Horri eutsiz, partidua irabazi beharra dugu, atzetik datozkigunei distantzia ateratzeko. Ilusioz gaude, baina partidua oso zaila izango da; izan ere, ligako talderik onenetakoa dela esango nuke. Nire ustez, behintzat".

Julen Arregiren lesioa

Duela bi jardunaldi, Laskorain taldearen aurka Julen Arregi jokalaria lesionatu egin zen, eta bere hutsunea ere sumatuko du taldeak. Hori horrela, asteon sare sozialetan animo mezuak eskaini dizkiote klubetik: "Eskoriatza Kirol Elkartetik gure laguntza osoa bidali nahi diogu Julen Arregiri, Lasakorain taldearen aurkako partidan eskuin belauneko gurutzatuan izandako lesioagatik. Hala, ebakuntza gelatik pasa beharko du. Animo!".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak