Mendi Film nazioarteko jaialdiko pelikula onenen Mendi Tour izeneko zirkuitu ibiltaria Zaldibar Antzokira itzuliko da martxoaren 11n eta 13an. Mendi Tourren zazpigarren edizioa da, eta egunotan saioetara joaten direnek mendiko zinemarik onenarekin gozatuko dute.
Mendiko, abenturazko, muturreko kiroletako eta naturako pelikula zoragarriek osatuko dute egitaraua. Izan ere, BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdiaren 14. edizioko sei film eskainiko dira, Mendi Film jaialdian sariak jaso zituztenak guztiak; hau da, hango palmaresaren zati handi bat izango du Eskoriatzako aurtengo programazioak.
Martxoak 11, egubakoitza • Action Directe(16 ́) 2021eko Mendi Filmeko Sail Ofiziala. • Mendiak(85 ́) 2021eko Mendi Filmeko ikuslearen saria. Martxoak 12, zapatua • Patagonizados (52 ́) Solasaldia Adolfo Madinabeitiarekin. Martxoak 13, domeka • Melting Landcapes Glaciares 2021eko film labur onena. • Amagana Euskarazko film onena (14 ́). • The Traverse 2021eko epaimahaiaren saria (34 ́). • Black Ice 2021eko eskaladako film onena (45 ́). |
Mendiko jarduera oro
Eskoriatzako Udala eta Mendi Film Festival Elkartea dira antolatzaileak. Laguntzaileak, berriz, Eskoriatza Kirol Elkarteko mendi elkartea, Zineuskadi eta Madrilen dagoen Poloniako Kultura Institutua. Hala, egubakoitzeko eta domekako saioak 19:00etan hasiko dira, eta jatorrizko bertsioetan eskainiko dira pelikulak, Mendi Filmek sortutako azpitituluekin lagunduta. Bi eguneko proiekzioak direnez, eguneko sarrerak hiru euro balio du eta bi eguneko bonuak, bost euro. Horiek, hain zuzen, kiroldegian edo bibe.me webgunean erosi daitezke. "Mendiko askotariko jarduerak ikusi ahala izango dituzte gaur eta domekan Zaldibar antzokira joaten diren herritarrek. Bertan izango da, aurreko edizio guztietan moduan, Aitor Elduaien aurkezle lanetan eta ikus-entzuleen galderak erantzuteko prest. Gainera, beste edizio batzuetan bezala, Club Vasco de Camping-ek (CVEPHOTO) antolatzen duen argazki erakusketa jarriko dute antzokian. Mendi jardueraren nazioarteko argazki lehiaketako lanak izango dira, eta martxoaren 20ra arte izango dira ikusgai", adierazi du Maite Uribek, Eskoriatzako Udaleko Kirol zinegotziak. Gaineratu du edizio honetan, berritasun moduan, Mendi Tourreko pelikula-sortaren artean, zapatuan Adolfo Madinabeitia ere izango dela, 19:00etan, Patagonizados lana aurkezten.
Eskalada ardatz
Adolfo Madinabeitia gasteiztarrak Argentinako Patagoniara egindako bost bidaietan egindako lau eskalada –Fitz Roy, Saint Exupery, Mocho eta Cerro Torre– oinarri dituen Patagonizados dokumentala aurkeztuko du. Ia ordubeteko lana ikusteaz gain, bertan bizitakoak konta-tuko dizkie bertaratuei big wall edo pareta handien eskaladako espezialista handienetako bat den mendi-gidari profesionalak eta esperientzia zein bizipen ugari biltzen dituen Madinabeitiak. Gazteleraz izango da saioa, eta sarrerak aldez aurrez erosi beharko dira, hiru eurotan, Manuel Muñoz kiroldegian edo bibe.me webgunean.
Adolfo Madinabeitiaren esperientzia
"Egin ditugun bideak kontatzen ditugu pixka bat. Horrelako eskalada batek dakartzan zailtasunak izango ditut hizpide zapatuko solasaldian. Patagonia xake-taula bat bezalakoa dela aipatzen dut, fitxa handiak, ertainak eta txikiak daudela, baina bakoitzak bere estrategia duela, eta guztiek dutela garrantzia. Patagonia nola aldatu zen lehendik lehenagotik gaur egunera ere aipatuko dut, izan duen aldaketaz arituko gara. Lehen intuitiboagoak ginen eguraldiari dagokionez, orain, berriz, teknologia berrietara jotzen dugu denboraren ataletarako…".