Euskal antzerkigintzan nor baino nor ezagunagoak diren Ane Gabarain donostiarrak eta Mikel Laskurain bergararrak Kottauak izeneko ikuskizuna antzeztuko dute domekan, 19:00etan, Eskoriatzako Zaldibar antzokiko oholtza gainean.
Txalo Produkzioak taldeak ekoiztutako lanaren egilea Anthony Neilson da, eta Getari Etxegaraik zuzendutako komedia honetan, Ane Gabarain da Laskurainekin batera protagonista. Iaz, urrian, Bergarako Seminarixoan estreinatu zuten obra, eta orduan izan zuten arra-kasta bera lortzeko asmoarekin etorriko dira Eskoriatzara. Bi aktoreen ibilbidea errepasatuta, seguru ez dutela hutsik egingo eta ikusleak barre-algaraka arituko direla komedia dibertigarri honekin.
Sexu-lehortea ardatz
Zaldibar antzokiko eszenatoki gainean emakume eta gizon bat izango dira, bederatzi urteko bikote harremana dutena, eta hamalau hilabeteko sexu-lehortea. Euren arteko arazoak dituzte; bakoitzak bere arazo psikologikoak eta traumak ditu, eta batak besteari botatzen dio kulpa. "Gabezia" horri konpon-bidea bilatzeko, ikuslearekin hartu-emanean jardungo dute, eta, modu komikoan jardun arren, une mingarriak ere izango dira "galdutako sexuaren bila" azalduko den bikotearentzat.
Eskarmentu handikoak
Eskarmentu handiko aktoreak dira Ane Gabarain eta Mikel Laskurain. Elkarrekin egin dituzten beste lanetan moduan, oraingoan ere bikote paperean sartuta antzeztuko dute, eta ikusleak hunkitzeko eta pentsatzen jartzeko duten gaitasun berezia erakutsiko dute lan umoretsu honetan. Azken finean, edozein adin eta sexurako jolas eszeniko dibertigarri eta polemikoa.
Sarrerak, bost eurotan
Sarrerak aldez aurretik erosi behar dira, bost eurotan, Manuel Muñoz kiroldegiko harreran edo bibe.me webgunean. Antzokiko edukiera ez bada betetzen eta sarrerak soberan geratzen badira, egunean bertan jarriko dira salgai Zaldibar antzokiko leihatilan.