Olazar Erretiratuen Elkarteko batzordekideak "arduratuta" daude, geroz eta zailago ikusten dutelako batzordeko kide berriak izendatzea. Pandemiaren ondorioz ez dute egin urteko batzar orokorra, eta martxoaren 31n egingo dute. Bazkideen biltze horretan, batzordeko hiru kide aldatu behar dituzte: bidaien arduraduna, lehendakariordea eta jokoez arduratzen dena, eta ardura horiek hartuko dituzten kide berriak izendatzean dute arazoa. Hala, batzar orokorraren aurretik, beste deialdi bat egin dute, bazkide diren 70 urtetik beherako guztiei zuzenduta, arazoari konponbidea emateko.
Bilera informatiboa museoan
Orain arte, batzordeko kide bakoitzari erreleboa zetorkionean, bera arduratu behar zen ordezkatuko zuena bilatzeaz, baina ez dela samurra adierazi du Jasone Orbegozok, Olazar Erretiratuen Elkarteko kideak: "Batzordean dagozkigunak baino urte gehiago egin ditugu zenbait kidek. Lehen, hiru urteko iraupena zuen batzordeko kargu bakoitzak, eta zenbaitek denbora asko zela argudiatuta, bi urtera jaitsi genuen. Hala ere, arazoarekin jarraitzen dugu... Pandemian ere luzatu dugu karguen iraupena, baina erreleboa behar dugu. Batez ere, diruzainaren figura da ordezkoa topatzeko zailtasun gehien dituena, baina kontuak eramateko eta bestelakoak egiteko prest gaude. Zer egin ez dakigula, 70 urtetik beherakoei banan-bana deituko diegu, eta Ibarraundi museoan antolatu dugun bilera informatibora gonbidatu. Otsailaren 15ean, martitzenean izango da, 18:00etan, eta bertan inpresioak partekatzeaz batera, arazoari irtenbidea ematen saiatuko gara. Ea lortzen dugun".
Galtzeko arriskuan
Tolerantziaren izenean, Olazar Erretiratuen Elkarteko bazkideei dei egiten diete batzordekideek arduretara konprometitzeko: "Larrienean jarrita, batzorde berria eratzen ez bada, elkartea desagertzeko arriskua dago. Adibide gisa, gertatu izan da herrian, Amuska Emakume Elkartearekin, baina, herri osoarentzat eskaintzen den zerbitzu bat da eskaintzen duguna, beraz zer egin aztertu behar dugu".
Podologia zerbitzua
Orain arte, denbora batez, podologia zerbitzurik gabe ere egon dira eta zerbitzua bueltatu dela jakinarazi nahi izan dute Olazar Erretiratuen Elkarteko kidek. Hilean behin, hirugarren eguaztenean izango da, lehen-bizikoa, martxoaren 16an.