Arturo Balaguer saria Jesus Urrutiarentzat

Imanol Beloki Unamuno 2022ko ots. 11a, 09:05

Jesus Urrutia konposatzailea Arturo Balaguer saria jaso berri, Francisco Cresporen eskultura eskuetan duela.

Eskoriatzako musika bandako zuzendariak La Pobla de Vallbonako musika konposizioko lehen saria jaso du. Hathor garden lana izan da aurkeztu duena, eta 5.000 euroko saria eta Francisco Cresporen eskultura bat jaso ditu.

La Pobla de Vallbonako (Valentzia) Udalak bertakoa zen Arturo Balaguer konposatzailearen izen bereko Banda Sinfonikorako Konposizio Lehiaketaren lehen edizioa ospatu du, eta Jesus Urrutia, Eskoriatzako musika bandako zuzendaria izan da irabazlea. Hamalau konpositore aurkeztu dira lehiaketara, eta horien artean onena Urrutiarena izan da. "Pozik" agertu da sariarekin, eta egindako lanaren aitortza izatea ezinbestekoa dela azpimarratu du, aurrera begirako proiektuak ere ilusio berarekin egiteko.

'Hathor Garden' pieza

Kultura musikala sustatu eta zabaldu nahi du Valentziako udalerriak, beraien herriko kulturan hain errotuta dagoen banda-musika sustatuz. Konposizioak originalak eta argitaragabeak izan behar ziren, beste lehiaketa batzuetan aurkeztu gabekoak, eta ezin zuten, osorik edo zati batean, konposizio propioen edo beste artista edo banda batzuen kopiarik edo plagiorik eraman behar. Baldintza horiek beteta aurkeztu zuen bere lana Jesus Urrutiak, Eskoriatzako bandako zuzendariak, eta estreinakoz egin den lehiaketa honetako irabazle izendatu zuten urtarrilaren 22an egindako sari banaketa ekitaldian: "Hamalau par-te-hartzaile izan ginen Arturo Balaguer lehiaketan, eta nik sortu dudan konposizioa hamabost minututako pieza da. Hathor Garden du izena piezak, Egiptoko mitologian, Hathor maitasunaren, pozaren, dantzaren, amatasunaren... jainkosa. Hori horrela, oinarrian, emakumeei egiten dio erreferentzia piezak, eta beraientzat omenaldi bat dela esan dezakegu. Horri guztiari gorazarre egitea izan da nire asmoa. Obra dibertigarria da, dinamikoa, arina, eta une lasaia ere baduena. Ezaugarri asko batzen ditu, eta uste dut hori dela baloratu dutela", adierazi du Jesus Urrutiak, Eskoriatzako musika bandako zuzendariak.

Emakume guztiei omenaldi gisa, hamabost minututako pieza sortu du Urrutiak

Musika banden artekoa

Urrutiak adierazi duenez, Arturo Balaguer Banda Sinfonikorako Konposizio Lehiaketarekin apustu sendoa egin dute La Pobla de Vallbona herrian, eta aurrera begira, bide horretan jarraitu nahi dutela nabarmendu du. Izan ere, musika banden arteko lehiaketa bat egitea ere aurreikusten dutela gaineratu du, eta ez du baztertzen bertan aritzea. "Lehiaketa izugarria izan da, eta gogotsu daude jarraitzeko. Ea musika banden artekoa antolatzen duten, gustatuko litzaidake".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak