Real Sociedad taldeko Alex Agiriano atleta eskoriatzarra Euskadiko txapeldun absolutua da domekan, Donostiako Anoetako belodromoan jokatutako txapelketan, jauzi hirukoitzean 15,17 metroko jauzia eginda. Harrotu barik, pozik dago emaitzarekin, baina, erronka gogorragoak eta zailagoak jarri dizkio bere buruari etorkizunera begira.
Jauzi hirukoitzean eta luzera jauzian lehiatzen da Agiriano, eta oraingoan, jauzi hirukoitzean egin du lan ona, baina bi arlotan entrenatzen jarraitzen du, despistatu barik. "Joan den asteburuan adin guztietako atletak batu ginen Donostiako hitzordura eta pista estalira helburu garbiarekin joan nintzen. Espero nuen lan ona egitea, baina aurreikusi baino hobeto egin nuen eta, beraz, oso pozik nago emaitzarekin. Hala ere, aurrera begira zenbait erronka ditut eta ondo entrenatzen, atseden hartzen, eta behar bezala prestatzen ari naiz", adierazi du Alex Agirianok.
Kluben artekoa Madrilen
Asteburu honetan, zapatuan, Madrilen izango da Agiriano, kluben arteko txapelketan eta bertan luzera jauzian arituko da atleta eskoriatzarra. "Talde asko batuko gara bertan, nagusiagoak direnak, esperientziadunak, eta ez da erraza izango dominaren batekin bueltatzea. Hala ere, ahal dugun guztia emango dut bertan eta gero gerokoak. Horrekin batera, otsaileko hirugarren asteburuan izango dudan txapelketa izango da demostratu beharreko eguna".
Hurrengo erronka, Espainiakoa
Salamancan, 23 urtez azpiko Espainiako txapelketa jokatuko da hilaren 19 eta 20ko asteburuan, eta bertan, salto hirukoitzean eta luzera jauzian lehiatuko da Alex Agiriano atleta. "Egun batean modalitate batean lehiatuko naiz, eta hurrengo egunean, bestean. Hala, denboraldia txapelketa honekin amaituko da eta bertan lan ona egitea da nire helburua. Ahal dudan guztia ematen saiatuko naiz, eta bide horretan, ondo ari naiz zaintzen. Egunotako entrenamenduak motzagoak egiten ari gara, han-kek asko sufritzen dute eta entrenatzea bezain garrantzitsua da errekuperazioa".