Zorionak Marimotots! Pirritx, Porrotx eta Marimototsen azken antzezlanak dolua eta heriotza lantzea du helburu, bai haurrekin zein euren familiekin. 2020ko azaroan estreinatu zuten Amaren Intxaurrak izenekoaren formatu egokitua da Zorionak Marimotots!, eta, baten faltan, bi emanaldi egin zituzten joan den egubakoitzean Manuel Muñoz kiroldegian.
Marimototsen amaren heriotza abiapuntu hartuta, dolua lantzen duen ikuskizuna da Eskoriatzan eskaini zutena, eta, oholtza gainean bi pailazo –Porrotx eta Marimotots– bakarrik egon ziren arren, ez ziren ohiko kantuak eta bestelakoak falta izan, batu zirenen gozamenerako.
Heriotza gizarteratu
Bizitzaren parte dira jaiotza eta heriotza, eta, pailazoen iritziz, jaiotzaren inguruko ezagutza zabaltzen joan den moduan, heriotzaren inguruko ezagutza ere zabaldu egin behar da gizartean, bizitza osotasunean bizi ahal izateko. Ideia hori lantzeko zuhaitz bat landatzea proposatzen dute ikuskizunean, zuhaitza gertuko hildakoak gogoratzeko, denon artean zaintzeko eta zuhaitzaren inguruan galdutakoek ze hutsune uzten diguten sentitzeko eta transmititu dizkiguten balioen testigu izateko.
Antzezlanean herriko eragile bati oparitzen diote zuhaitz bat, eta hura landatzearen ardura eman. Hori horrela, joan den egubakoitzean Eskoriatzako Manuel Muñoz kiroldegian ikusi ahal izan zen ikuskizunean, Tortolis ludotekako ordezkariei gereziondoa eman zieten pailazoek, eta ludoteka izango da, herriko haur eta familiekin batera, gereziondoa leku publiko batean landatuko duena.
Landaketa eguna prestatzen
Gereziondoaren landaketa otsailaren 6an, domeka honetan, egingo da, 12:00etan, Joseba Iñurrategi pilotalekuaren kanpoaldeko berdegunean. Ekitaldi txiki bat prestatu dute horretarako, landatzearekin batera hildako guztiei omenalditxo bat egiteko.
Horretaz gain, astean zehar ludotekak ekitaldia prestatzeko hainbat ekimen eskaini ditu, parte hartu nahi duten haur guztiei zuzenduta. Batetik, zuhaitza apaintzeko harriak margotu dituzte, eta, bestetik, ikuskizuneko dantza eta abestia ikasten aritu dira. Landaketaren ordezkariak Tortolis ludotekako haurrak izan arren, Eskoriatzako Udalak herritar guztiak gonbidatu ditu domekako ekitaldian parte hartzera eta zuhaitza landatzen laguntzera.