Axtrokiko harkaitzaren oinean 1972an aurkitu zituzten Axtrokiko urrezko ontziak. Duela 50 urte, abuztuaren 17an topatu zituen Teodoro Martinezek Eskoriatzako Bolibar auzoan. San Andres ermitatik gertu izandako lur-jausia konpontzeko lanetan agertu ziren bi piezak, bata bestearen barruan. Hainbat ikerketa egin ostean, Kristo aurreko VIII. eta VII. mendeen artean kokatzen dituzte historialariek. Gaur egun Madrilgo Arkeologia Museo Nazionalean daude bi ontziak, eta Eskoriatzako Ibarraundi Museoan erreplikak daude.